Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako arkitektura modernoa aztertzen duen erakusketa bat prestatu du herrialdeotako arkitektoen eskolak. Bilbon dago orain ikusgai, apirilera arte.
Iñigo Astiz | Berria, 2010-02-18
Iraultza bat izan zen arkitektura modernoa XX. mendeko lehen hamarkadetan. Irauli egin zituen ordura arte eraikuntzari buruz indarrean ziren ideiak. Alemaniako Bauhaus arkitektura eskola izan zen mugimendu haren erreferente nagusietako bat, eta han erabiltzen zuten printzipio nagusi batek azal dezake arkitektura berri haren filosofia: «Funtzioaren menpekoa da forma». Industrializazioak, material eta teknika berriak eta ingeniaritzan izandako aurrerapenen garaia zen. Aukera berriak zabaldu ziren, eta arrazoia eraman zuten garai hartako arkitektoek eraikinaren oinarrira.
«Bizitzeko makinak» ziren eraikinak, Le Corbusier arkitektoak azaltzen zuenez. Hura izan zen arkitektura modernoa edo funtzionala deituriko haren beste erreferente nagusietako bat. «Arkitektura argipeko bolumenen adimen joko, zuzen eta bikaina da». Beste arte mota askorekin gertatu ez bezala, Madrilera eta Bartzelonara heldu ziren garai berean heldu ziren ideia horiek Hego Euskal Herrira, eta horren lekukotza jaso du Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako Arkitektoen Eskola Ofizialak. Lurraldeotan aurki daitezkeen hainbat «bizitzeko makina» bildu ditu, horregatik, erakusketa batean.
Iparraldeko Taldea deiturikoa izan zen arkitektura mota honi bidea erraztu zienetako bat. Garai hartako arkitektura sustatzearen aldeko arkitekto eta teknikoen elkartearen barruan zegoen talde hori, GATEPAC izenekoan, eta haiei esker heldu ziren gurera tradizio akademiko eta historizistarekin talkan ziren le Corbusier, Bauhaus eskola, Mies van del Rohe edo Walter Gropius eta bestelako arkitektoen ideiak. Eta ideiekin batera, baita haietan oinarritutako eraikinak ere, noski. Jose Manuel Aizpuru, Jose Luis Labaien, Luis Vallejo eta Juan de Madariaga izan ziren Iparraldeko Talde haren partaideetako batzuk. Haiek izan ziren ideia haiek planoetan islatzeaz arduratu zirenetako batzuk.
Erakusketa ibiltaria
Espainiara II. Errepublika heldu zenean, botere publikoen bultzada jaso zuten plano haiek, eta asko izan ziren garai hartan egindako eraikin modernoak. Krisia heldu zen gero, ordea, eta baita ezegonkortasun politiko-soziala ere. 36ko gerran eta gerra ondoan gelditu egin ziren, horregatik, eraikuntza lan haiek, arkitektura mugimendu hura ideia ezkertiarrekin lotzen zutelako agintariek, baina 50eko hamarkadan hasi ziren berriz mugimendu modernoaren lehen zantzuak agertzen Donostia eta Bilbo inguruan. 60ko hamarkadan Araba eta Nafarroara heldu zen bigarren labekada hura.
Funtzioa zen nagusi arkitekto hauentzat, eta haren arabera moldatzen zituzten eraikinak. Orotariko eraikuntzak ikus daitezke, horregatik, arkitekto eskolaren erakusketan. Ospitaleak, golf klubak, elizak, ikastetxeak, autoentzako aparkalekuak, frontoiak, antzokiak... Forma, betiere, betebeharraren mesedetan.
1925. eta 1965. urteen artean eraikitako 41 eraikin dira, guztira, erakusketa osatzen duten 22 paneletan ikus daitezkeenak. Docomomo izeneko elkarteak eginiko inbentarioan ageri dira guztiak. Mugimendu modernoaren babesaz eta dokumentazioaz arduratzen da elkarte hori, eta arte mugimendu horren ezagutza hedatzea da erakusketaren helburua. Baita babestea ere. Denak ez baitaude babestuta.
Iruñean egon da orain arte erakusketa ikusgai, eta Bilbon izango da hemendik apirilaren 14ra bitartean. Gasteizen izango da gero, maiatzaren 12ra arte, eta Donostian, azkenik, ekainaren 10era arte. Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako Arkitektoen Eskola Ofizialak hiri horietan dituen egoitzetan izango dira «bizitzeko makina» hauek ikusgai.
Arantzazuko Gure Amaren Basilika. Bost urte behar izan ziren Francisco Javier Saenz de Oiza eta Luis Laorga arkitektoek pentsaturiko eraikin hau eraikitzeko. 1950ean hasi ziren lanak, Oñatiko inguru honetan (Gipuzkoa), eta 1955ean bukatu. Eraikinak soila eta sendoa behar zuela pentsatu zuten Saenz de Oiza eta Laorgak. Inguruan zituen mendien parekoa behar zuela, alegia. Harria, egurra eta hormigoia erabili zituzten eraikin poliedriko hau egiteko. Hala azaldu zuten eraikina arkitektoek: «Zaharraren eta berriaren arteko kontraesana adierazten du, eta hotsa islatu eta hitza entzungarri egiten duen nabe batek hartzen ditu fededunak bere baitan».
Ultzamako Golf Kluba. Fernando Redon eta Jabier Guirbert arkitektoen planoen arabera eraiki zuten Ultzamako Golf Kluba, Gerendiainen (Nafarroa). 1964an hasi zituzten eraikuntza lanak, eta 1967an bukatu. Hiru dira eraikinaren oinarrian dauden planteamenduak: barne espazioa lantzea, erabilera malgua izatea eta handitu ahal izateko aukera izatea. Eraikinak magal bat du oinarrian, eta haren soslaira egokitu zuten kluba arkitektoek, inguruarekin bat egin zezan. Harekin organikoki lotzen den estalpe berezi bat eraiki zuten, hala babeslekuaren ideiari jarraituz.
Gasteizko Goya hornitegia. Jose Luis Lopez de Uralde eta Francisco Alonso Martos izan ziren eraikin hau diseinatu zuten arkitektoak. 1935an eraiki zuten, eta, ikusten denez, oso funtzio argia zuen: autoentzako aparkaleku eta gasolindegi izatea. Funtzio horren araberakoa da eraikinaren egitura. Espazio zabalak ditu, autoak bertan mugitu ahal izateko, eta bi altuera; behealdekoak gasolindegirako estalpe bat du, eta bigarrenak autoak hartzeko gune bat du. Aldapa batek lotzen ditu beheko eta goiko solairuak.
David Sanchez. Arkitektoa
«Oharkabean pasatzen zaizkigu, baina kalitate handiko eraikin modernoak ditugu»
Ikusten den arren, erdi-ikusezina da arkitektura modernoa jendearentzat, David Sanchez (Barakaldo, 1976) arkitektoak dioenez. Jendeak ez omen du arkitektura mugimendu horren garrantzia ezagutzen. Bera da egunotan Bilbon ikus daitekeen arkitektura modernoari buruzko erakusketaren komisarioetako bat.
Nondik dator erakusketa hau egiteko ideia?
Erakusketa hau egin baino lehen, Ana Azpiri, Jesus Martin Ruiz, Gabriel Ruiz eta nik arkitektura modernoari buruzko erregistro lan bat egin genuen arkitektura eskolarentzat. Lan hori Docomomo elkartearen inbentarioan sartzeko asmoz egin genuen. Arkitektura mota horren babesaz, dokumentazioaz eta hedapenaz arduratzen da elkarte hori. Lana bukatzean, erakusketa bat egin genezakeela otu zitzaigun, egindakoa jendeari erakusteko.
Frankotan ikusten dugun arkitektura mota bat izan arren, gutxi ikusten dugula esan dezakegu, era berean.
Hala da. Ohituta gaude haiekin bizitzera, baina ez diegu daukaten baliorik onartzen. Badirudi urte batzuk dituenak soilik duela balioa, eta modernoari ez zaio garrantzi handirik ematen. Antzinako gauzei edo orain oso gutxi egiten diren gauzei soilik ematen diegu garrantzia. Guggenheimez geroztik, badirudi ikono eraikinen boom bat egon dela, eta lehentxeagoko gauzak ahaztu egin ditugula. Oharkabean pasa zaizkigu, baina oso kalitate handiko eraikinak daude. Garai bateko kulturan leherketa bat izan zen.
Komisarioek erakusketarako idatzi duzuen testu batean hala diozue, arkitektura modernoa ez dela askorik ezagutzen.
Ezaguna da, harekin bizi garelako, baina ez dugu haren garrantzia ezagutzen. Bilbon, adibidez, Briñas ikastetxea arkitekturari buruzko liburu oso garrantzitsuetan aipatu dute, baina ez gara horretaz askorik ohartzen. Eraikuntza horiek guztiak elkarrekin ikustea, erakusketan ikusten diren bezala, oso interesgarria da, gainera. Banaka ikusiz gero kontu anekdotikoa dirudite eraikin hauek, baina batera ikusita, argi ikusten da ikuspegi komun baten parte izan zirela. Mugimendu modernoa atzean gelditu ziren arkitekturari buruzko ideiak berritzeko saio bat izan zen. Arkitektura gizarterantz bultzatzeko saio bat. Pentsamendu berri baten ikur bilakatu nahi zuten eraikin hauek.
Orain badirudi gure begia ohituta dagoela halakoak ikustera, baina bere garaian nahikoa eztabaida piztuko zuen arkitektura mota honek, ezta?
Oso polemikoa izan zen. 30eko hamarkadan, gainera, ezkerreko mugimenduarekin lotzen zuten askok, eta Espainiako II. Errepublika izan zen hizkuntza honi bultzada eman zion lehen erakundea. Frankismoak hautsi egin zuen arkitektura horrekin, eta oso mugimendu historizista batera bueltatu zen. Gero, 50eko hamarkadan, berriz ere, indarra hartuz joan zen arkitektura modernoa.
Estekak
Iturria | Berria
No hay comentarios:
Publicar un comentario