Argiaren forma eta arkitektura
Tomasz Sobecki argazkilari poloniarrak eliza gotikoetako argiari eginiko argazkiak jarri dituzte ikusgai Iruñean
Iñigo Astiz | Berria, 2010-08-05
Irudia: Noticias de Navarra
Horma zena hutsune bilakatu zen erromanikotik gotikorako bidean. Arkitekturan izandako aurrerapenei esker, harri zena leiho egin zen, eta beirateak agertu ziren; argiak hartu zituen elizak. Urte luzez, argi hori izan da Tomasz Sobecki (Torun, Polonia, 1952) argazkilari poloniarraren lehengaia. Poloniako eta atzerriko elizetan ibili zen Sobecki argi horren forma eta arkitektura ikertzen bere ibilbide artistikoaren hasieran, eta Poloniako hainbat aretotan eta atzerriko beste zenbaitetan erakutsi du azterketa horren emaitza. Iruñean ikus daiteke orain lan horren lagin bat, Rodezno kondearen plazako erakusketa aretoan. Gotiko Saindua izena du bildumak, eta Sobeckik bere jaioterriko eliza gotikoei ateratako argazkiak biltzen ditu. Atzo inauguratu zuten, eta irailaren 5era arte izango da ikusgai.Argia da beti argazkilaritzaren lehengaia, baina, Sobeckiren kasuan, bere lanaren gaia ere bada. Zuri-beltza darabil, horregatik, gotikoari eskainitako saileko argazki orotan. «Estetika kontua da», dio lehen kolpean, «nabarmendu egiten du argiaren garrantzia zuri-beltzak». Abstrakziorantz jotzen ere laguntzen dio horrek batzuetan, gainera. Baina hautu pertsonal horrez gain, estruktura arrazoiak ere aipatzen ditu gero bere hautua azaltzeko; ekonomiarekin eta politikarekin lotutakoak. «1990ean bukatu banuen ere, 1980an hasi nuen serie hau, eta orduan, Polonian, zaila zen koloretan lan egiteko behar zen teknologia eskuratzea».
Ez zen hori izan zailtasun bakarra. Komunismoaren garaian hasi zuen lan hau Sobeckik, eta agintariek ez zuten begi onegiz ikusi. Presioa egin omen zioten, baina ez zioten aurrera egiterik oztopatu, ezta argazkiak kanpoan erakusterik ere. Bestela izan zen berarekin, eta bera bertan ez zela inauguratu behar izan zituzten Ingalaterran elizen inguruko haren bi erakusketa. «Baldintza bat jarri zidaten agintariek: polizia sekretu lanak egin beharko nituen, kanpora joan nahi izanez gero. Nik ezetz esan nien, eta bitan ukatu zidaten, horregatik, bidaiatzeko baimena. Hirugarrenean, ez nuen baldintzarik izan».
Polonian izandako erlijio aldaketen berri ematen dute Sobeckiren argazki soilek ere. Soiltasun horrek berak, adibidez. Hasiera batean, margolanez beteta zeuden eliza gotikootako horma gehienak, baina protestanteek indarra hartzean karez estali zituzten, eta horregatik dute itxura hori. Hortik Sobeckiren zuri-beltzaren aldeko hautua ere.
Denborarekin, karea desegiten joan, eta berriz ere agertzen ari dira irudi horiek, ordea, eta hori ere ageri da Sobeckiren argazkietan. Baita elizara argindarra sartu ahal izateko langileren batek horman egindako zuloa ere, urteetan karepean izandako Jesusen aurpegia gurutzatu eta ezabatzen duena. «Heriotza moduko bat da hori ere, ezta?».
Frankismopean Iruñean eraiki zen hildakoen monumentuan dago orain ikusgai bere erakusketa, eta badaki hori Sobeckik. Espazio «zaila» dela dio, horregatik. «Handia da, batetik, eta historia ere badu, bestetik. Ikusleari dagokio orain arte sakratuari buruzko erakusketa bat halako gune batean ikusteak eragiten diona aztertzea».
«Zerura joan nahi dugu»
Bost zati ditu erakusketak. Elizen barruko hainbat atali buruzkoak dira lau, eta esperimentalagoa da bosgarrena. Erakusketa osoan estatikoa den argi ia arkitektonikoa dantzan jartzen du bere kamararen mugimenduen bidez Sobeckik azken zati horretan. Beirateak elkarren artean nahasiz, leihoekin argazkian zehar ibilbide modukoak eginez... Argiaren laguntzaz, argazkiak margotuz.
Bestelako lanak ere egin ditu Sobeckik, pertsonen erretratuak, adibidez, baina arkitekturara itzuli du berriz ere begia, dioenez. Egipton izan zen orain dela gutxi, eta hango piramideen inguruan egin nahi du lan orain.«Interesgarria da», dio; «jendeak zerura joan nahi du. Eliza gotikoen bidez, hemen, eta piramideen bidez, han, baina kontu bera da beti».
Iturria | Berria
Dokumentazioa
Sobecki, La luz del gótico
Conde Rodezno acoge una muestra de fotografías donde el blanco y negro es el protagonista
Laura Mayor Vidaurre | Noticias de Navarra, 2010-08-07
No hay comentarios:
Publicar un comentario