Gogotik landuriko sinpletasuna
Sejima eta Nishizawa japoniarrei eman diete Pritzker saria, «zailtasunari oinarritik gaina hartzeagatik»
Irune Berro | Berria, 2010-03-30
Kazuyo Sejima eta Ryue Nishizawa arkitekto japoniarren obra «arkitektura menderatzailearen erretorikaren» beste muturrean kokatu du Chicagoko Hyatt fundazioak, Pritzker sari ezagun eta preziatua emanda. «Tolesgabetasunik gabe zintzo» lan egin izana goraipatu du fundazioak. Arkitekturaren oinarrizko arauei segika lan egiten dute Sejimak eta Nishizawak, gehiegizko estetika hutsaletik ihesi. Argiari, espazioari eta hierarkia ezari garrantzia emanez, eta lanetatik at utzitz hasieratik beretik sobera dagoena. Gogotik landuriko sinpletasunaren eredu dira haien eraikinak.
Japonian ez ezik, munduaren luze-zabalean ere ikus daitezke, hala nola AEBetan, Alemanian, Frantzian, Herbehereetan, Erresuma Batuan... Sortu dituzten obren artean daude, besteak beste, Naganoko O-Museum eta Kanazawako M21st Century Museum of Contemporary Art -biak ere Japonian-, New Yorkeko Arte Garaikideko Museo Berria, Suitzako Lausanako Rolex Ikasketa Zentroa...
1956an jaioa da Sejima, eta hamar urte gazteagoa da Nishizawa. 1995ean sortu zuten SANAA estudioa, eta ordudanik, eskuz esku lan egin dute. «Baliabideak neurrian erabilita, arkitekturaren oinarrizko nolakotasunak arakatzen dituzten arima bi dira». Baina, azterturiko lanetan, bakoitzaren lana eta erantzukizuna norainokoa den zehaztea «ezinezkoa» iruditzen zaio Hyatt fundazioari. Horregatik ebatzi du Pritzker saria biei ematea. Diseinatzen dituzten etxebizitzak, nolanahi ere, nork bere izenez sinatzen ditu.
Pritzker saria jaso duen hirugarren bikotea da. Eta Sejima, orobat, Arkitekturako Nobel sari gisa ezaguna den garaikurra lortzen duen bigarren emakumea da, Zaha Hadid irandarraren ondotik. Veneziako Arkitektura Biurtekoa zuzenduko du aurten.
Ez Sejimak ez Nishizawak ez dute arkitekturari buruzko saiakerarik idatzi, baina beren lanei erreparatzea aski da jakiteko arkitekturaren sinpletasunean arakatzen dutela zailtasun orori gaina hartzeko. «Gaiztasun handiko arazo teknikoei oinarrizkotasunetik erantzuten diete», adierazi du Hyatt fundazioak.
Horrenbestez, arintasuna gailentzen da obretan, gardentasuna, lañotasuna. Baina konplexutasun handiko lanak sortzen dituzte, orekatuak, baikorrak.
Printzipio horien araberakoa da, esaterako, Tokioko Dior dorrea. Beirazko gainazalaren azpian, ehunen mugimendua iradokitzen duten pantaila akrilikoak dauzka. Suitzako Lausanako Rolex Ikasketa Zentroa da arkitekto japoniarren lan aipagarrienetako bat. Ikasleentzata egunez zein gauez irekita dagoen unibertsitate modukoa da, eta berriki inauguratu dute. New Yorkeko Arte Garaikideko Museo Berria ere deigarria da oso; elkarri gainjartzen zaizkion sei kuboz osatua dago. Halaber, Valentziako (Herrialde Katalanak) IVAM museoa berritzeko duela hamar bat urte onduriko diseinuarekin Veneziako Urrezko Lehoia eskuratu zuten 2004an. Proiektu hori, ordea, ez da oraindik gauzatu. Gaur egun, Frantziako iparraldeko Lens hirian irekiko duten Louvre museo berrian ari dira lanean. Ingurua aintzat hartzen dute, baita eskatzailearen baldintza ekonomikoak ere. Aurrekontu apalagoko lanak ere diseinatzen dituzte. Beren eraikinak ez dira hertsiki elitistak, ikerketa zorrotz eta lan eskergaren ondorio izanagatik ere.
Iturria | Berria
No hay comentarios:
Publicar un comentario