2010/06/23

UPV/EHU | Bolognara guztiz egokitua, datorren kurtsoan 67 gradu titulu eskainiko ditu UPV/EHUk

 Irudia: Noticias de Gipuzkoa
Bolognara guztiz egokituta, datorren kurtsoan 67 gradu titulu eskainiko ditu EHUk
«Kalitatezko» eskaintza dela dio errektoreak, elebiduna, baina ingelesari ere leku egiten diona
Maite Asensio | Berria, 2010-06-03

Goi Mailako Hezkuntzaren Europako Eremura guztiz egokituta ariko da, datorren ikasturtetik aurrera, EHU Euskal Herriko Unibertsitatea. Ikasketak Bolognako Prozesura moldatzen amaitu berri du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako unibertsitate publikoak. Fruitua, «kalitatezko» eskaintza izango dela adierazi zuen atzo EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak: «Euskal gizartearen premiei erantzuten die». Unibertsitateak, elebitan -euskaraz eta gaztelaniaz- jardungo duela nabarmendu du, eta hori «ingelesa progresiboki txertatzearekin bateragarria» izango dela gaineratu. Orotara, 67 gradu eskainiko ditu.

Azkenik, aldeko txostena jaso dute EHUk 2010-2011 ikasturtean emango dituen gradu guztiek, eta beraz, behin betiko eskaintza aurkeztu zuten atzo unibertsitateko arduradunek. Izan ere, Espainiako ANECA eta EAEko Uniqual ebaluazio agentzien eskutik, ikasketa berriak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan barneratuta egon da EHU azken urtean. Duela hilabete inguru espero zuen unibertsitateak gradu guztien onespena mahai gainean edukitzea, baina titulu batzuen onespenak atzeratu egin dira. Hain justu, atzo goizean eman zuen EHUko Gizarte Kontseiluak titulazio eskaintzaren aldeko txostena, eta hala, egokitze prozesua amaitutzat jo du EHUk. Euskal Herriko gainerako unibertsitateek dagoeneko bukatuta dute bide hori.

Edonola ere, Goirizelaiak ukatu egin du EHU berandu dabilenik ikasketak moldatzeko eta ebaluatzeko prozesuan: «Graduak 2010-2011 ikasturterako egokitzeko epea zegoen ezarrita, eta gu heldu behar ginen momentuan heldu gara». Errektoreak erantsi du titulazioak arautzeko dekretu batzuk urte hasieran argitaratu zirela, eta beraz, EHUk «berme guztiekin» burutu duela prozesua. Uztailean hasiko da ikasleen matrikulazio prozesua, eta «normaltasunez» egingo dela ziurtatu du.

Bolognako prozesuak dakartzan metodologia berriak martxan jartzeko ere prest dago EHU, Itziar Alkorta Kalitate eta Berrikuntza erretoreordeak azaldu duenez: «Urteak daramatzagu gure irakasleak prestatzen, metodologia berriek ikasketa eredu berria definitzea eskatu dutelako». Bost urteko «gogoeta eta trebakuntza» prozesuaren ondorio da unibertsitateak egituratutako «eredu dinamiko eta kooperatiboa». Azpiegiturak teknologia berrietara egokitzeko ere «inbertsio handiak» egin dituztela gogorarazi du Goirizelaiak.

Guztira, 91 titulazio
Diplomatura eta lizentziaturak gradu ikasketa bihurtzean datza Bolognara egokitzeko prozesua. Datorren ikasturtetik aurrera, graduek 240 kreditu izango dituzte, eta lau ikasturteko iraupena. Dena den, badaude salbuespenak: Medikuntzak sei urteko ikasketei eutsiko die; Arkitekturan titulatzeko bost urte eta erdiko ikasketa plana segi beharko da, eta Farmazian eta Odontologian, berriz, bost urtekoa.

Tituluak 91 izango dira guztiak, horietako zenbait campus batean baino gehiagoan eskainiko direla aintzakotzat hartuta. Murrizketa bat da, orain arteko titulazioei begira, 108koa baitzen kopuru osoa, baina Goirizelaiak azaldu du ez dela ezagutza arlorik desagertu: «Eskaintzaren antolaketa eraginkorragoa egin dugu, eta horrek hobeto erantzungo die hezi nahi ditugun profesionalen formazioari eta gizartearen beharrizanei». Halaber, ikasketetan izandako aldaketek ez dituzte irakasle lanpostuak arriskuan jarriko, errektorearen arabera: «Unibertsitate irakasleek ez dihardute graduetako irakaskuntzan soilik, ikerketa eta graduondoetako irakaskuntza ere kontuan izan behar ditugu».

Gradu guztiak, gainera, euskaraz eta gaztelaniaz eskainiko direla berretsi du Goirizelaiak. Irakasgaien %95 euskaraz egin ahal izango dira, beste %5ean irakasle euskaldunak aurkitzeko arazoak dituztelako; «baina gradu guztiak eskainiko dira elebitan».

Titulazio berriak ere izango dira datorren kurtsoan; besteak beste, Bioteknologia, Kriminologia eta Sorkuntza eta Diseinu ikasketak nabarmendu dituzte unibertsitate arduradunek. Gradu eskaintza «orekatua eta kalitatezkoa» dela uste du Goirizelaiak, «ondoren graduondoko eskaintza ikaragarri zabala duena».

  • Datuak: Bost ezagutza arlotan sailkatzen dira ikasketak EHUren antolaketa berrian:
  • Artea eta Giza Zientziak. 10 gradu.
  • Zientzia esperimentalak. 9 gradu.
  • Osasun Zienziak. 6 gradu.
  • Gizarte eta Lege Zientziak. 23 gradu.
  • Ingeniaritzak eta Arkitekturak. 19 gradu.
Iturria | Berria

Dokumentazioa
Ciencias de la Salud y Magisterio son los grados más solicitados en la UPV-EHU
La UPV aprobó ayer las 67 titulaciones de su oferta docente. El próximo curso se ofrecerán nuevos grados en creación y diseño, biotecnología y criminología
EFE | Noticias de Gipuzkoa, 2010-06-23

La UPV ofertará 67 grados en el primer curso adaptado al proceso de Bolonia
El rector asegura que no desaparecerán carreras de letras
EFE | El Correo, 2010-06-22

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails