2010/08/28

euskaraz | Pertsonen beharretan sakondu nahi du Veneziako Arkitektura Biurtekoak

Irudia: El Mundo | Proyecto "Your Split Second House" del danés Olafur Elliasson
Pertsonen beharretan sakondu nahi du Veneziako Arkitektura Biurtekoak
Bihartik hasi eta azaroaren 21era bitarte, 53 herrialdetako artisten lanak izango dira ikusgai Venezian
Berria, 2010-08-28

Veneziako Arkitektura Biurtekoaren aurtengo edizioak ez du mundua aldatzea xede, gizakiek mundu horretan egingo duten bizimodua baizik. Kazuyo Sejima zuzendaria, jaialdia zuzendu duen lehendabiziko emakume arkitektoa, hainbat artisten lanetan oinarritu da: besteak beste, Cedric Price, Rem Koolhaas eta Lina Bo Bardi arkitektoen lanetan, eta Olafur Eliasson artistaren eta Win Wenders zinemagilearen sorkuntzetan. Denek dute batzen dituen zerbait: pertsonak eta, oro har, horien jarrerak eduki dituzte kontuan, formak aztertzen hasi aurretik.

Erakusketa ostegunean ireki zuten, eta gaurdaino, adituak, arkitekturako profesionalak eta komunikabideak soilik agertu dira. Bihartik hasi eta azaroaren 21a bitarte, ordea, edonork izango du aurtengo lanak ikusteko aukera.

People Meet in Architecture jaialdiko izenburuak argi adierazten duenez, gizartearen eta arkitekturaren arteko harremana aztertzea du helburu Sejima zuzendariak, Ryue Nishizawarekin batera aurtengo Pritzker Saria irabazi duenak. Horretarako, Walter Niedermayrren argazkiak erakutsiko ditu, besteak beste. Argazkilari italiarraren lanetan ageri dira Irango espazio publikoak, Studio Mumbaiko arkitekto indiarren azterketa berreraikia, jendearen eguneroko ohiturekin osatutako eskemak, Olafur Eliassonen iturri argiztatuak eta Matthias Schuler eta Tetsuo Kondoren lainoa. Zerrendatutako instalazio guztien bidez, arkitekturak pertsonen erosotasunean, jarreran, pertzepzioan eta pentsamenduan duen eragina esperimenta daiteke.

53 herrialdetako lanak izango dira ikusgai guztira, «inoizko jaialdi pluralenean». Sejimak sekula parte hartu gabeko herrialdeak gonbidatu ditu aurten: Albania, Iran, Malaysia eta Bahreingo Erreinua. Horiez gain, esperientzia handia dutenak ere izango dira Venezian. Herrialde eskandinaviarrek «toki komunak» hartu dituzte gaitzat, espazio publikoak, alegia. Iturri bat, pasealeku bat, banku bat... gisa horretako hizpideak izango dituzte. Ingelesek, Ruskinen haritik tiraka, Frankesteinen Etxea delakoa berreraiki dute, aurrerapenak etxeko bizitzarekin duen zerikusia aztertzeko. Espainiak, eguzki plaken bidez funtzionatzen duten etxebizitzen inguruko erakusketa osatu du, eta aurrezteak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du.

Autokritika beharrean
Rem Koolhaas herberetarrak, adierazpen ausart batzuetan, gogoratu du modernotasuna Mendebaldeko asmakizuna dela, eta galdetu du ea Txinak salbatu behar duen Venezia. Koolhaasek berak irabazi du aurtengo artista onenaren Urrezko Lehoia, eta bihar jasoko du saria. Horrez gain, beste bi sari ere banatuko dituzte, herrialde onenaren Urrezko Lehoia eta esperantza onenaren Zilarrezko Lehoia, hain zuzen ere.

Aurtengo jaialdiak proposamen ugari bildu ditu, parte-hartzaileen «kalitate handia» izan da, eta ikusleek espazioak bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte. Antolatzaileen arabera, ondorioa garbia da: ez dago soluzio bakarrik, ikuspegi desberdinen aberastasuna da garrantzitsuena, eta beharrezkoa da espazioa elkarrekin banatzea. Alde horretatik, autokritika egin nahi dute, eta aurreko urteetako komisario guztiak gonbidatuko ditu jaialdiaren eboluzioaz mintza daitezen, azarora bitartean larunbatero antolatuko dituzten hitzaldietan. Oraingoz erantzun ziurrik ez duten galderen inguruan gogoeta egiten saiatuko dira: beharrezkoa al da teoria egun? Beharrezkoa al da arkitektura bide berriak bilatzea, errealitateak soluzio azkarrak eskatzen dituen bitartean? 

Iturria | Berria

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails