2010/02/25

hedabideak | Zabalaga: baserri itxurako artelana

Irudia: Noticias de Gipuzkoa | Giuliano Mezzacasa
Baserri itxurako artelana
Zabalaga, poesia eta eraikuntza' erakusketa jarri dute Txillida Lekun, Zabalaga baserria museo nola bihurtu zuten azaltzeko. Giuliano Mezzacasaren argazkiak paratu dituzte museoaren 10. urteurrenaren harira
Ainhoa Sarasola | Berria, 2010-02-25

Baserriari galdetzen nion nolakoa izan nahi zuen; barruan nenbilela, galdetu egiten nion ea eutsi nahi zion harako hormari, horrako paretari edo honako solairuarteari, eta, hala, berak esan bezala gelditu zen baserria». Eduardo Txillidaren hitzak dira. Eskulturak egitean erabiltzen ari zen materialarekin hitz egiten zuela zioen artistak. Hernaniko Zabalaga baserriarekin ere asko mintzatu zen, bere artelanetako bat balitz bezala berreraikitzeko. «Baserria bere horretan eskultura bat da, Txillidaren eskultura handienetako eta esanguratsuenetako bat», Estela Solana Txillida Leku Museoko Obra eta Artista Saileko arduradunaren hitzetan. Zabalaga, poesia eta eraikuntza museo bihurtutako baserria nola berreraiki zuten azaltzeko erakusketa jarri dute Zabalagan, museoaren 10. urteurrena ospatzeko lehen ekitaldi gisa.

XVI. mendeko baserria ageri da, ia eraitsia, Zabalaga, poesia eta eraikuntza erakusketa osatzen duten Giuliano Mezzacasaren argazkietan. Txillidarekin eginiko harremanaren harira, eskultoreak nahi zuenean hara joan eta eraikinari argazkiak egiteko baimena eman zion Mezzacasari. 1991. eta 1993. urteen artean ateratako 23 argazki jarri dituzte erakusketan. «Notario lana baino ez dut egin nik, baserria nola zegoen eta berreraikuntzaren akta jaso», azaldu du argazkilariak. «Bai Txillidak bai Joaquin Montero arkitektoak asko zaindu zuten baserriaren izaera eta indarra gordetzea, eta erabat lortu zuten», Mezzacasaren ustez. Prozesua kronologikoki ageri da 23 argazkietan.

Museoa halabeharrez egin zen Zabalagan. Hain zuzen ere, Txillida eta Pilar Belzunze haren emaztea Zabalagara gonbidatu zituen behin Pedro Txurrukak, aurreko jabeak. Erdi eraitsia zegoen baserria, aspaldi ez zela han inor bizi. Hunkitu egin zituen Txillida eta Belzunze, eta 1984an, erostea eta berreraikitzea erabaki zuten.

«Pilar Belzunze izan zen benetako igarlea prozesu horretan, hasieratik ikusi baitzuen hark baserrian museoa egin zitekeela», Solanaren hitzetan. Denborarekin, leku handiagoa behar zutela ikusita, inguruko lur sailak ere erosten joan ziren. Museoa egiteak ilusio handia ekarri zion Txillidari, baina baita erronka ere. Joaquin Montero arkitektoaren eta Joaquin Goikoetxearen laguntzarekin ekin zien lanei.

Mugarik eta proiekturik gabe
Berreraikuntza motela izan zen; hamabi urte iraun zuen. Baserria 1984an erosi zuten, baina 1993an egin zituzten lanik handienak, Mezzacasaren irudietan ageri direnak. Denbora mugarik gabe aritu zen Txillida zeregin horretan, pauso bakoitza asko pentsatuz. Esaterako, pipiak jotako habe bat aldatzeko, bi urte eman zituen, zuhaitz bakarretik atera nahi zuelako pieza. Proiekturik ez zuen baliatu; artistak zioen bezala, baserriarekin zituen hizketaldiak joan ziren zehazten lanak. Erakusketako argazki eta argazki artean irakur daitekeen Monteroren esaldi batek hori bera azaltzen du: «Eduardo entzun nuenean eraikinak ematen zizkigun gomendioei buruz hizketan, pentsatu nuen bere adierazpen molde poetikoaren emaitza zela hura guztia; baina denborak aurrera egin ahala, ohartu nintzen etxeak berak gidatu gintuela, nolabait».

Poesia eta eraikuntza baliatu zituen Txillidak baserri itxurako eskultura egiteko, Solanaren hitzetan. «Txillidarentzat artea ez zen posible poesiarik eta eraikuntzarik gabe». Baserria berreraikitzean bere erroekin berriro topo egin zuen artistak, Solanaren ustez. «1957. urtean Hernaniko burdinola batean aurkitu zuen Txillidak bere lengoaia artistikoa. Eta bitxia da, baina urte askoren buruan, 1984an, Txillidak bere sustraiekin berriro egin zuen topo». Baserria berreraiki ahala, burdinazko eskultura handiak lur sailetan jartzen joan zen artista.

Irailean beteko ditu hamar urte Txillida Lekuk. Bi ekitaldi egingo dituzte irailean urteurrena ospatzeko. Ordura arteko ekitaldi bakoitzean -beste bi erakusketa izango dira tartean-, keinu bat egingo diote urteurrenari.

Estekak
Iturria | Berria 

Dokumentazioa
Agonía y reencarnación de Zabalaga

Una exposición fotográfica ilustra el proceso de reconversión del derruido caserío hernaniarra en el núcleo de Chillida-Leku. 'Zabalaga, poesía y construcción' es la primera de las tres exposiciones que albergará el museo en su décimo aniversario
Alberto Moyano | El Diario Vasco, 2010-02-25
La obra más grande de Chillida
Chillida Leku acoge hasta el 24 de mayo 'Zabalaga, poesía y construcción', una exposición que muestra el proceso de reconstrucción del caserío a través de 23 fotografías de Giuliano Mezzacasa.
Cristina Tapia | Noticias de Gipuzkoa, 2010-02-25

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails