2010/02/19

hedabideak | Sukarrietako Haur Udalekuaren balioa

Sukarrietako Haur Udalekuaren balioa
Iñaki Uriarte | Arkitektoa | Berria, 2010-02-19 | Erredakzioan itzulia


Ezin onartuzkoa da Sukarrietako Haur Udalekuko hirigintza-arkitekturako eraikin multzoa kultura aldetik gutxietsi izana Bizkaiko diputatu nagusiak, bere nagusikeria politikoak bultzaturik eta komunikabide batzuen mirabekeriak babesturik; ezinbestekoa da, beraz, hango eraikina, hornidura osagarriak eta ingurunea aztertzea.

Nekazaritza eskualde bateko ingurune ezinago eder baterako pentsatua izan zen Udalekua, Oka ibai arroan eraikitzeko, Gernika-Mundakako itsasadarraren ahoan, Sukarrieta aldean. Dohaintzan emandako finka baterako proposatu zuten, Bizkaiko Aurrezki Kutxa eta Bahitetxearen gizarte ekintza bat gauzatzeko asmoz; haurrentzako laguntza programa bat izango zen, osasun arazoak zituzten Bizkaiko ikastetxeetako neska-mutikoek egonaldiak egin zitzaten, natura ingurune paregabe hartan hobera egingo zutelakoan. Aitzindaria izan zen -higienearen, pedagogiaren, sendotze fisikoaren, haur medikuntzaren eta ingurumen ikuspegiaren aldetik-, Europako hainbat herrialdetako joerarik aurreratuenen parekoa, eta jakin-min handia sortu zuen beste toki askotan.

Ricardo Bastida arkitekto euskaldunari (1879-1953) eman zioten proiektua, eta garai hartako egoerara egokitutako eraikin bat egitea bururatu zitzaion (1920), estilo neoeuskaldunari atxikitakoa, eta arkitektura tradizionaleko konposizio eta forma baliabideak nabarmenduta. Multzo osoa hiru alditan eraiki zuten -1920tik 1925era, 1929an eta 1935ean-, eta guztiak izan ziren Bastidak pentsatu eta zuzendutako proiektuak.

Hasierako eraikina 1925eko abuztuaren 13an inauguratu zuten, eta uda hartatik bertatik hasita handia izan zen eskola umeen joan-etorria. Handik gutxira, eraikina handitzeko premia sumatu zuten, eta lehenbiziko eraikinaren ezkerraldera beste bat egin zuten, txikiagoa eta mugatua, forma aldetik lehenaren antzeko sail bat osatzearren; 1929ko abuztuaren 13an inauguratu zuten. Hurrengo, 1935eko ekainean, lur gehiago erosi zituzten, eremua handitzeko asmoz ez ezik, beste inork ez egiteko han bestelako eraikinik, pribatutasunaren eta natura ingurunearen arteko oreka zoragarri hura hautsita.

Gero, beste eraikin bat egitea pentsatu zuten, hasierako eraikinaren eskuinaldean, ezkerraldera eraikitakoaren antzekoa tamainaz, eta multzo osoari zegokion eite berekoa. Hasierako eraikinaren ondoan, orobat, dorre irten bat egin zuten behatoki moduan, eta hark itxura berezia eman zion multzoari. 1942an, beste 20.000 metro koadro inguru erosi zituzten, eta hurrengo urteetan lur gehiago erosiz joan ziren. Gaur egun, 78.000 metro koadroko eremua hartzen du guztira, eta baditu, besteak beste, nekazaritza-abeltzaintzarako alor bat, etxalde bat, baratzeak, zaldiak, espezie anitzeko zuhaizti bat, landareak landatzeko eremu bat, labore lurrak eta kirolgune bat -futbol zelaia, igerilekua...-.

Baliteke Bastidaren obra horixe izatea estilo neouskaldunean egindakoetatik garrantzitsuena eta interesgarriena, eta Euskal Herrian daudenetan nabarmenena. Eraikinaren eta hura dagoen ingurunearen arteko eragin trukea dela eta, etekin berezia ateratzen dio eraikinak inguruan duen paisaiari, hura berrirotik kalifikatzeraino; eta, alderantziz, inguruneari onuragarri zaio eraikina bera, eraikuntza hizkuntzari eta forma sailari dagokienez zuhur eta sentibera baita, biek egokiro elkar bat egiteraino. Naturaren eta arkitekturaren arteko sinbiosi erabateko horri esker, paisaia gertakari ezinago adierazgarri bihurtu da, batasun bereizezin bat osatzeraino, XX. mendeko euskal arkitekturaren kultura lan bikain. Lorategi bihurturiko esparru horrek, hain zuzen, berehalako batean ispilatzen du natura artificialis delakoarekiko gustua eta sena, eta hark natura naturalis-ekin duen bakarrizketa.

1982az geroztik, hezkuntzari zegokionez bestelako garai bat zenez, ingurumenari buruzko hezkuntzaz arduratu zen Udalekua; haurren artean naturarekiko estimua, errespetua eta ezaguera hedatu nahi zuten, eta aldi berean ekologia orekari eutsi nahi zioten haurrak ingurune hartan kokatuta, itsasadarra, basoa eta baserria bizilagun zituztela. Gaur egun indarrean dirau hango pedagogia programak, baliagarria ez ezik eredugarria baita, eta, ezbairik gabe, ezinago interesgarria irakaskuntzarako.

Udalekuak dituen balioak aztertuz gero, berebiziko garrantzia duen gizarte ekintza bat da, eta nahiko ezaugarri biltzen ditu Kultura Ondare Kalifikatu gisa izendatzeko. Aipa ditzagun zenbait balio, horren euskarri. Historia balioa, funtsean bi aldetatik delako garrantzitsua, ekarri zuen laguntzarengatik eta arkitekturarengatik -egiten hasi zirenetik (1925) amaitu zuten arte (1935)-. Zientzia balioa, bertako egoiliarrei emandako arretak aurrerabide ezinago handia ekarri zuelako, osasun higiene aldetik. Jatorrizko jarduera haren ordez, bestelako bat du orain helburu, ingurumenarekiko kontzientzia harraraztea haurrei, eta, beraz, interes handikoa da heziketarako. Gizarte balioa, laguntzan oinarrituriko ekintza bat delako -85 urtean sona handia bereganatu du-, eta toki ugaritako pertsona askok eta askok miretsi izan duten heziketa eredua. Arkitektura balioa, finkako eraikinek -atezaindegia barne- bete-betean asmatu dutelako arkitektura aldetik multzo ederra osatzen, arkitektura neoeuskaldunaren goren uneko adierazgarri bikain izateraino; eta egoera ezin hobean iraun duenez gero, bere hartan eutsi behar zaio sekula eta betiko. Hirigintza balio agerikoa du, kalitate paregabeko kokaleku batean ezarritakoa delako, tokiko beharrizanetara doi-doi egokitutakoa, eta berebiziko erreferentzia bihurtu dena, dagoen tokiarekiko harmonia erabatekoa lortuta. Eta badu paisaia balioa ere, tokiko topografiara ezin hobeto egokitutako sorkuntza bat delako, ingurumen eta hezkuntza eskakizunak aise betetzen dituena; finkan zuhaitz espezie anitz dago, basoari aberastasun oparoa eta ikus babesa emateraino.

Argudio horiek guztiak kontuan izanik, bada, Kultura Ondasun Kalifikatu izendatzeko eskatu zuten, eta 2009ko ekainaren 12an erregistratu eskabidea. Horren bidez, babes juridikoa eman nahi diote Udalekuari, hala agian aintzat gehiago hartuko dutelakoan, eta, azken batean, esplizituki onartuko diotelakoan kultura aldetik duen garrantzi ukaezina. Kontua da, beraz, legez babestea kultura ondasun gisa eraikin eta ingurune paregabe horren barruan garaturiko gizarte programaren balioa, eta Kultura Ondare Kalifikatu izendatzea -Arkitektura, Hirigintza eta Paisaia mailako Monumentu Multzo kategoriakoa-.


Iturria | Berria

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails