2010/06/12

hemeroteka | "Bejondeigula krisiak, aukera ematen baitugu hirigintza astiroago pentsatzeko"

Irudia: Bizkaie! | Unai Fernandez de Betoño, Lore Erriondo eta Ibai Gandiaga
Unai Fernandez de Betoño | Arkitektoa: «Bejondeigula krisiak, aukera ematen baitigu hirigintza astiroago pentsatzeko»
'Euskal Herriko hirigintzaren argilunak' hitzaldia emango du EHUko irakasle gasteiztarrak gaur bere hirian. Etxegintza burbuilaren eta abiadura handiko trenaren eragina aztertzen du, besteak beste. 
Edu Lartzanguren | Berria, 2010-06-12

Unai Fernandez de Betoño (Gasteiz, 1977) arkitektoa da, eta irakaslea EHUn. Horrez gain, arkitektura eta hirigintzaren inguruko Aldiri aldizkaria zuzentzen du. Euskal Herriko hirigintzaren argilunak hitzaldia emango du gaur, 11:00etan, Gasteizko Landatxo gizarte etxean.

1960ko hamarkadako desarrollismoaren lezioa ikasi gabe gaude oraindik?
1960ko hamarkadan, Europako baby boom-a heldu zen hona, eta, horrekin batera, bigarren industrializazioak etorkin mordoa erakarri zituen. Herri askotako populazioa halako bi edo hiru hazi zen. Ezaguna da Bilbon 40.000 bat pertsona txabolatan bizi zirela, 1950eko hamarkadaren amaieran. Exebizitzak behar ziren, eta egin zituzten. Baina arazoari kantitatearen aldetik erantzuna eman bazioten ere, ez zioten eman kalitatearen aldetik. Oraindik pairatzen ari gara orduan hirigintzan eginiko basakeriak: Bilbon Otxarkoagan, Donostian Bidebietan eta Larratxon, Baionan Goialde ZUPan. Kalea deuseztatu zuten, eta hiria sakabanatu.

Hirigintzaren Macdonaldizazioak jarraituko du Euskal Herrian?

Bizimodua apaltzea proposatzen ari dira batzuk. Horretarako, ezinbestekoa da funtzioak hiriaren barnean txertatzea: zergatik egon behar du Leioako Unibertsitateak hiritik horren urrun? Merkataritza guneek eta etxe bakarreko urbanizazioek lotarako hiriak sortzen dituzte. Asko ikasi beharko genuke Eibarko ereduaz. Kaos bat dela esaten dute, baina han ez da xahutzen lurraldea, eta metro koadro bakoitza aprobetxetzen da. Gainera, funtzioak nahasten dira hiriaren barnean.

Euskal Hiriaz hitz egiten digute.

Niri barregura sortzen didate politikariek Euskal Hiriaz mintzo direnean. Izan ere, hori osatu behar duten hiriak elkarren aurka borrokan dabiltza zentraltasuna irabazteko: Gasteizko eta Bilboko aireportuen artean, Bizkaiko parke teknologikoa eta Donostiakoa, Teknalia lortzeko; Iruñea eta Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko. Baiona-Donostia eurohiria aipatzen digute, baina gero ez dira konturatzen hiri bakar batean ezin direla bi aireportu edo bi kai erraldoi egon, elkarrengandik kilometro gutxira.

Abiadura handiko trena ez al da izango modu ona Euskal Hiria gorpuzteko?
Ona izango da Madril eta Paris lotzeko, dudarik gabe, baina Euskal Herritik begiratuta, ez dugu behar. AHTaren aurkako taldeek oso ondo nabarmendu dituzte naturan egingo dituen kalteak, baina ez dute hainbeste sakondu geltokien inguruan sortuko den espekulazioaren fenomenoa. Iruñean egingo dutena izugarria da: Etxabakoitzen, 200 hektareako gune batean, ia 9.000 etxebizitza egin nahi dituzte. Gasteizen eta Astigarragan ere bai, trenaren kostu handia ordaintzeko.

Krisiaren aurretik eginiko planak dira.
Ezin da aurreikusi orain zer gertatuko den. Agian krisiak aukera polita eman dezake eredua berriz aztertzeko eta hazkunde mugagabearen eredu hori kolokan jartzeko. Otxarkoagan igogailuak jartzeko plan bat egin dute. Halako eraberritze planak interesgarriak dira, eta etxe hutsak kalera atera behar ditugu, berriak egin beharrean. Langabezian dagoen bati gogorra egingo zaio hau entzutea, baina, bejondeigula krisiak, lagunduko digulako hirigintza astiroago pentsatzen.

Iturria | Berria

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails