2010/05/19

hedabideak | "Bizitzak berak diseinatu du Alondegia"

Argazkia: Deia, 2010-05-19
«Bizitzak berak diseinatu du Alondegia»
Alondegiko erakustaretoak eta auditoriuma inauguratu dituzte, sei urteko lanen ostean. Philippe Starckek diseinaturiko zentroa hiru urteko atzerapenarekin ireki dute, Udalak finantzaketa arazoak izan dituelako
Irune Berro | Berria, 2010-05-19

«Ez naiz gai Alondegia definitzeko», onartu du Philippe Starckek. «Museo bat dela esan behar dut? Ez. Kiroldegi bat dela, agian? Ez. Eta liburutegi bat dela? Ezta ere. Bada, zer da orduan? Bizitza bera da». Diseinatzaile frantziarraren arabera, «bizitzan bakarrik gurutzatzen dira Bilboko Alondegia osatuko duten jarduera guztiak». Atzo arratsean inauguratu zituzten kultur, kirol eta aisialdi zentroko erakustaretoak eta entzunaretoa.

Beste guneak urtea amaitu baino lehen irekiko dituzte, emeki-emeki. Hurrena, Ricardo Perez sukaldariaren Yandiola jatetxea inauguratuko dute, hilaren 27an. Golem kateko zinema aretoak hilaren 28an zabalduko dituzte, eta kirol azpiegiturak, igerilekuak eta gimnasioa, ekainaren 1ean. Igerilekuko terraza ekainaren 15etik izango da zabalik. Mediateka deritzon liburutegia izango da irekiko duten azkena. Urte amaierarako izan nahi dute prest. Alondegiak ordutegi zabala izango du: astegunetan, 07:00etatik 23:00etara izango da zabalik; eta asteburuetan, 08:30etik 23:00etara.

Etzitik aurrera ikusi ahal izango dira lehen erakusketak, Proyecto Tierra eta Tierra Natal erakundeek antolaturik. Bihar inauguratu eta etzi irekiko dituzte jendearentzat. Sartzea hiru euro kobratuko dute, baina Alondegiko txartela izanez gero, bi eurotan sartu ahal izango da. Txartela egitea doakoa da, eta Alondegian izango diren ikastaro eta tankera askotako kultur emanaldietan beherapena izateko balio du. Besteak beste, larunbat eta igande honetan (hilaren 22an eta 23an) entzunaretoan Brosen eskutik izango den hip-hop emanaldian deskontua izateko. Alondegian eska daiteke txartela, Infobox deritzon gunean. Komikiaren inguruko jardunaldiak ere egingo dituzte hilaren 25ean hasita.

Saenz de Oiza eta Oteiza
Hiru urteko atzerapenarekin, martxan da azkenean Bilboko Alondegia. «Oraindik ere gauza batzuk amaitu barik daudela esango du norbaitek», esan zuen atzo Bilboko alkate Iñaki Azkunak, «baina geuk bakarrik atera dugu aurrera hau, eta ondo kostatu zaigu». 75 milioi euro, ez gehiago eta ez gutxiago.

Jakina da Bilboko Udala estu ibili dela lanak finantzatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak azpiegitura horretan parte ez hartzea erabaki zutelako.

Gainera, 1990ean, Jose Maria Gorordo alkate zela, Francisco Javier Saenz de Oizak eta Jorge Oteizak aurkezturiko proiektua erabat baztertuta geratu ondotik, 2000. urtean sona handiko nazioarteko diseinatzaile bat kontratatzeko apustua egin zuen Azkunaren gobernu taldeak. Eta horrek, noski, aurrekontua garestitu zuen. Alondegirako hasiera batean aurreikusitako aurrekontua 45 milioi eurokoa zen, eta azkenean 75 milioi euroraino ere iritsi da. 2004an jakinarazi zuen Azkunak Philippe Starckek diseinatuko zuela Alondegia. Diseinatzaileak geroago esan zuenez, «proiektua gustatu» zitzaiolako onartu zuen enkargua, «dirua eta ospea nahikoa» bazituelako aurretik ere. Starckek hiru milioi euro kobratu ditu diseinuarengatik.

Atzo pozik zegoen, egindako lanarekin harro, nahiz eta esan Alondegia ez duela berak sortu. «Bizitzak berak diseinatu du». «Bilbora etorri naizenetan, hemengo bizitza sentitu dut, geure bizitza, eta saiatu naiz ulertzen zer behar zuen Bilbok». Horrela sortu da Alondegia, diseinatzaileak dioenez. «Bizitzaren elementu organiko eta biologikoen nahasketa da». «Ez dira espazio bereiziak sortu behar, denak egon behar du denean; izan ere, igeri egiten duenak irakurri ere egiten du, eta afaltzeko geratzen da lagunekin eta zinemara joaten da. Hori guztiori Alondegian egin dezake orain».

43 metro koadro dauzka Alondegiak. Eta mende bateko aldea duten eraikin bi lotzen ditu: Ricardo Bastidak, garai batean udal arkitektoa izan zenak, 1906. eta 1909. urteen artean altxaturiko ardo biltegi modernistaren kanpoaldea eta Philippe Starckek diseinaturiko barrualdea.

Bastidak erabilitako material berberekin, bistako adreiluarekin eta hormigoi altzairudunarekin, elkarri lotuta dauden bi eraikin diseinatu ditu Starckek. Arkitektura «soil, serio, sendo, gogor baina erabilgarria» egin duela azaldu du Azkunak. «Eraikin irregularra da, etenak dauzkana. Horrek zaildu eta garestitu ditu lanak». Denborari bikain eutsiko dion diseinua dela nabarmendu du Starckek.

Eraikinetako batek lau solairu dauzka; horietako bi zorupean daude. Eta besteak, mediateka izango denak, hiru. Liburutegia ez baizik, ikasteko gelak eta filmak ikusteko aretoak ere izango ditu. BBK fundazioak han izango du egoitza, eta trukean, erakunde hark finantzatuko du. Liburutegian, 50.000 aletik gora izango direla jakinarazi du Azkunak.

Beste eraikinean, erakustaretoa, entzunaretoa, zinema aretoak eta kirol azpiegiturak egongo dira. Erakustaretoak 1.200 metro koadro dauzka, eta Proyecto Tierra eta Tierra Natal erakundeen erakusketen ondoren, komiki eta bideo jokoen beste bi erakusketa izango dira; eta udazkenean, Akira Kurosawaren inguruko bat. Zinema aretoak Golem kateak kudeatuko ditu, eta entzumen murritza dutenentzat egokituta daude. Zazpi sala dira guztira. Eta handienak 240 lagunentzako tokia du. Entzunaretoak 400 pertsona esertzeko lekua du, eta edozeinek alokatu ahal izango du, edozein estilotako ekitaldiak egiteko.

Eraikin horretan gora eginda, gimnasioa dago lehenengo solairuan, eta igerilekua, bigarren eta azkenengoan. Azpiegitura horiek Bilboko Udalak kudeatuko dituenez, hiriko gainerako kiroldegietan erabiltzen den txartelarekin erabili ahal izango dira. Alegia, igerilekua doakoa izango da txartela dutenentzat; gimnasioa erabiltzeko, 25 euro ordaindu beharko dira hilean. Orotara, hiru igerileku daude, eta 75, 90 eta 120 zentimetroko sakonera dute. Horietako baten zorua Alondegiko atrioko sabaiaren zati bat ere bada, eta argia pasatzen uzten du. Igerilekuen ondoan, estalkirik gabeko egurrezko terraza zabal bat dago. «Solarium naturala» izango dela diote. Tai txi saioak antolatuko dituzte han.

Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola egin zezan Udalak Eusko Jaurlaritzari eskainitako eremua libre dago oraindik, «eta ez dugu presarik betetzeko», esan zuen Azkunak. Alondegia mantentzeko, hamabi milioi euro beharko ditu Udalak, urtero.

Azkuna eta Starcken mintzaldiak euskara ez beste hiru hizkuntzatara, espainolera, frantsesera eta ingelesera, itzultzeko zerbitzua eskaini du Udalak.

Denentzat?
Alondegi inauguratu berria «herritar guztientzat» izango dela adierazi zuen atzo goizean Iñaki Azkuna Bilboko alkateak, Philippe Starckekin batera egin zuen agerraldian. Ordea, Bilboko Udalak jarritako itzulpen zerbitzuak euskara ez beste hiru hizkuntzatara itzuli zituen alkatearen espainolezko eta diseinatzailearen frantsesezko hitzak.

Bilboko Udalak frantseserako, espainolerako eta ingeleserako itzulpen zerbitzua baino ez zuen jarri, euskara erabat baztertuta. Alondegiko iturriek azaldu zutenez, Philippe Starckek ekarrita atzerriko hedabide «garrantzitsuetako» kazetariak ere egon ziren aurkezpenean, eta horiei frantsesetik ingeleserako itzulpen zerbitzua jartzea beharrezkotzat jo zuten Udaleko arduradunek. Hemengo kazetarientzat euskararako itzulpena eskaintzea, baina, ez zitzaien nonbait ezinbestekoa iruditu.

Hori gutxi balitz bezala, atzerriko hedabide horietako kazetariek soilik izan zuten Starck elkarrizketatzeko aukera. Alondegia, baina, «denentzat» izango da. Azkunak esan du.

Iturria | Berria

Dokumentazioa
Bilboko Alondegi berriak «txapela jantzi» eta ateak ireki ditu
Bederatzi urteko eraldatze lan nekezak, 42.000 metro koadroko eremua eta 70 milioi euroko aurrekontua, erraz esaten da. Orain mende luze bat Ricardo Bastida bilbotar arkitektoak eraikitako alondegiak aurpegia garbitu eta txapela jantzita, bere burua aurkeztu du hiritarren aurrean. Oraindik ez ditu ateak parez pare ireki -erakusketa gela baino ez-, baina udazkenerako martxan izango ditu kiroldegi, mediateka eta beste.
Anartz Bilbao | Gara, 2010-05-19

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails