Irudia: Topatu |
Topatu, 2011-04-19
Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleek liburutegiaren leku-aldatzea dela eta 100 bat pertsonako itxialdia burutu dute fakultateko korridoreetan. Itxialdiko ikasleek eskolaren zuzendaritzari posizionamendu argi bat eskatzen diote eta ikasleen hitza ez dela errespetatzen salatu nahi dute.
Donostiako Arkitektura Eskolako ikasleen oharra:
Badira aste batzuk arkitekturako ikasleriak Donostiako Arkitektura Eskolako liburutegiaren leku-aldatzearen inguruko kezka eta ezadostasuna azaldu zuela. Asterokotasunez buruturiko asanbladen fruitu izan dira azken asteotan burutu diren hainbat ekintza, sinadura bilketa, makroargazkia eta liburutegi propio baten egun bateko irudikapena, hurrenez hurren.
Bide horri jarraituz, eskolan itxialdia burutzea erabaki dugu aste honetan. Hala, astelehen gauez 100 pertsona baino gehiagok lo zakua hartu eta eskolako korridoreak bete ditugu.
Gure aldarrikapena bi norabide nagusitan laburbiltzen da. Alde batetik, Eskolako Zuzendaritzari liburutegiaren leku-aldaketaren inguruan publikoki posizionatu dadila eskatzen diogu, eta posizionamendu horrekiko koherentziaz jokatu dezala. Bestalde, Gipuzkoako Errektoreordetzaren, eta oro har EHU/UPVren jarrera salatu nahiko genuke, beste behin ere argi geratu baita ikasleon hitza entzun eta errespetatzeko duten disposizio eza. Liburutegiaren aferan, gure iritzia kontuan ez hartzeaz gain, informatu ere ez gaituzte egin prozesu guzti honen hasieratik gaur arte. Bertan bildu garenok gure ikasketen inguruan hartzen diren erabakietan zeresan handia daukagula deritzogu eta erabaki horietan eragiteko eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugula argi utzi nahi dugu.
Iturria:
Arkitektura Eskolako ikasleek beraien eskubideen alde itxialdia burutu dute
Topatu, 2011-04-19