2010/05/09

hedabideak | Shanghai, planetako parke tematikorik handiena

Argazkia: Expo 2010 Shanghai
Planetako parke tematikorik handiena
Shanghaiko Expo Erakusketa Unibertsalean ikusmiran ibili da Berria, erakustaldiaren lehen astean. Antolatzaileen itxaropenak ez dira betetzen ari, baina ikusleak gustura dabiltza miniaturazko munduaz gozatuz.
Zigor Aldama | Berria, 2010-05-09

Beste sarbide bat zabaldu berri dute, 13. atean, eta arrapaladan abiatu da jendea. Korrika eta bultzaka, eta oraindik ez dira goizeko bederatziak ere. Okasioak merezi du. Lehenbizikoz gaur zabaldu dizkie ateak Shanghaiko Erakusketa Unibertsalak, superlatibo eta errekorren erakusketak, sarrera arruntarekin datozenei. Eguraldia lagun dute, eta jada ez du egiten lehen hiru egunetako bero jasanezina; hiru egun horietan, baimen berezi bat behar zen erakusketa esparrura sartzeko; 5,28 kilometro koadro hartzen ditu esparruak, eta han bilduta daude 192 herrialde, nazioarteko 50 erakunde, ordezkaritza propioa duten 49 hiri (Bilbo barne), eta makina bat multinazional. Hala ere, laster amaitu dira jende samaldak. Ordubeteren buruan, segurtasun zaindariak alferrean dabiltza. Ikusmina ez da, ezta hurrik eman ere, aurrez jo bezalakoa.

Joan den igandean bildu zen jendetzarik handiena, Expoaren erakustaldiko lehenbiziko astean; 215.000 ikusle etorri ziren makrogertakarira, zeinak 3.155 milioi euroko kostua izan baitu. Batez beste jaso beharreko ikusle kopurua (380.000) baino askoz txikiagoa; izan ere, antolatzaileek aurrez ikusitakoaren arabera, 70 milioi ikusle espero dituzte, gertakariak iraungo duen 184 egunetan. Gainera, zeharo desberdin banatuta dago jendearen emana. Huangpu ibaiaren ezkerraldea, hantxe baitaude pilatuta pabiloi nazionalak, osasuntsu ageri da; mendebaldea, aldiz, makalduz doa, arratsaldeko seietatik aurrera basamortu bihurtzeraino. Aste honetan Txinari buruzko zenbait webgunetan egindako inkesta batzuek ez dute alferrik agerian utzi galdekatutakoen %65-73 inguruk ez dutela Expora joateko asmorik.

Ilara luzerik ez
Egoera halakoa, jakina, bedeinkazio bat da planetako parke tematikorik handienera egun-pasa joatea erabaki dutenentzat. Pabiloirik ezagunenetan, ez da ordu eta erditik gorako ilararik, eta zilegi da hango jatetxeetan lasai eserita jatea, probako aldian janik gabe eta itxarote ilara amaigabeak eta plateren prezio neurrigabeak haserrtutako bezeroz gainezka zeudenetan beretan. Txina da salbuespena, oraindik ere, aldez aurretik ordua eskatuta bakarrik ikus baitaiteke. Antolatzaileek 50.000 sarrera doako jaulkitzen dituzte egunero, eta hogei minutuan banatzen. Ezbairik gabe, anfitrioiaren pabiloiak ez du parekorik; ez tamainan, 63 metrorekin Expoko eraikuntzarik garaiena baita, ez ikusle kopuruan.

Txina: erakargarri ala arrunt?
Baina zer du ezkutuan Ekialdeko Koroak? Erraza da erantzuna: parke tematiko bat, figurante eta guzti dituena; are, tren bat dabil barruan. Argi eta kolore ikuskizun bat da, ikusle txinatarrak erakartzen dituen osagai guztiekin: herrialdearen milaka urteko historiaren erreferentziak, 30 metro baino luzeagoko pantaila batean proiektaturiko ikus-entzunezko muntaketa ikusgarri baten bidez; Asiako erraldoiaren ekonomia-garapen prozesuarekiko goresmenak; eta herrialdeko eraikinik enblematikoen harri-kartoizko erreplikak. Koktel horri erakargarri irizten diote bertako ikusleek; arrunkeria, aldiz, atzerritarrek. Shanghaiko Expoak, Txinak egindako bigarren munduratze moduan sustatu badute ere, herritarren aurrean bularra harrotzeko balio dio Alderdi Komunistari.

Eta badirudi lortu duela. «Harro-harro nago nire herrialdeaz», aitortu du Qi Wulong izeneko gizon erretiratu batek, liluratuta baitago bere herrialdeak duen pabiloian erruz ageri diren efektu bereziak direla eta. «Oraindik gogoan dut Xinjiangera bidali gintuztela Kultura Iraultzaren garaian», esan du irtetean. «Badirudi mendeak igaro direla, eta hamarkada batzuk baino ez dira joan. Ez nuen berehalakoan pentsatuko Txinak inoiz inori irakaspenik emango zionik».

Are gutxiago hirigintza alorrean. Izan ere, teorian, goiburu bat du ardatz Expoak, Better City, Better Life (Hiri hobea, bizimodu hobea), eta ironia dirudi, kontuan izanik zer itxura ari diren hartzen Txinako hiri ikusmenetik haragokoek. Harrigarria da, Arabiar Emirerri Batuak irakaspenak ematera etortzea hona, jakinekoa baita haien petrolioarekiko mendekotasuna eta hirigune nagusiekiko megalomania: Dubai eta Abu Dabirekiko, esaterako.

Hala ere, herrialde arabiarraren pabiloiko 4D-ko lagin ikusgarrian nabarmen ageri dutenez, ezinbestekoa da jatorrietara itzultzea. «Ezin ahaztu dugu, kalkuluen arabera, hurrengo 80 urteetan ere petrolioa atera ahal izango dugula. Baina, gero, garapen orekatua bilatu beharra dago, gure iraganerantz begiratuko duena. Naturarekiko harmonian bizitzen zekien gizarte hartatik ikasi behar dugu», azaldu du Mansoor Lardik, Emirerriek Shanghain ezarri dituzten metalezko bi dunetako komunikazio arduradunak -neurrira egindako gameluak ere badaude-.


Shanghain geratuko dira
Zein pabiloi barkatuko dituzte? Galdera horixe dabil hegan airean, eta kiniela mordoari bide eman dio. Expoaren sei hilabeteko aldiaren buruan, antolatzaileek erabakiko dute zein eraikin geratuko diren Txinako ekonomia hiriburuan, beste zenbait tokitan obra batzuekin gertatu bezala, hala nola Parisen Eiffel dorrearekin. Oraindik ez dakite zenbat geratuko diren, ez eta nola hautatuko dituzten ere, baina dagoeneko oihartzun handia izaten ari dira batzuen batzuk.

Erresuma Batuarena da zerrendaburu, eta, harrigarria badirudi ere, ez da batere deigarria, ez tamainaz, ez barnean erakusgarri duen laginaren ikusgarritasunaz ere. Hala ere, diseinu xumea bezain berritzailea ageri du: ilez jositako bola handi bat; ile horiek, nonahitik begiratuta ere, Union Jack bat osatzen dute beti, eta banderaren itxura eraldatu egiten da inguruko argiaren arabera. Ezinago erakargarria da arkitektura aldetik, eta ikusle askok ilaran itxaroten du soropil artifizialezko parke txiki horretaraino sartzearren bakarrik; haur txikiak dituzten familien artean du tirainik handiena, esparru horretan batetik bestera ibiltzen baitira korrika, baina ez dira barruraino sartzen. Barruan dago hazien katedrala esaten diotena, eta eremu horretan dauzkate bilduta 60.000 belar espezieren ernamuinak, planetako bioaniztasunarekiko kantu begirunetsu bat izango balira bezala. Eta, kanpoaldean, bitxia bada ere, landare berriak dituzte, zientzialari britainiarrek laborategian sorturikoak; horien bidez, modu naturalean baino modu eraginkorragoan «garbitu» ahal izango lirateke hiriak etorkizunean.

Saudi Arabia eta Espainia
Nabarmentzekoa da, halaber, oso bestelako arrazoi batzuengatik, Saudi Arabiak Shanghaira ekarri duen plater hegalaria. Erakusketa Unibertsalaren historiako pabiloirik garestiena da; 120 milioi eurotik gorako aurrekontua izan du, eta ibilaldi birtual bat proposatzen du, hango xarmarik erakargarrienen emanaldi holografiko baten bidez: gune berezia hartzen dute Mekak eta basamortuak, baita erregimen saudiaren teknologia aurrerakuntzek ere.

Eraikinik ikusgarrienetako bat eta jakin-minik handiena sortzen duten edukiak eskaintzen dituenetako bat da, besteak beste, Espainiaren Saskia izenekoa. SEEI Nazioarteko Erakusketen Sozietate Estatalak 56 milioi euro inbertitu ditu Espainiak bere itzala izan dezan Shanghain, eta dagoeneko Benedetta Tagliabueren eraikinak bereganatu ditu flash gehienak. Haren barruan dago, ordea, txinatar guztiek argazkietan jaso nahi duten altxorra, alegia, Isabel Coixet zinemagile katalanak egindako lana: Miguelin haurtxoa, 6,5 metro garai dena; irri eta maite-maite egiten die hark ikusleei, eta tokiko hedabide guztien arreta bereganatu du. Hura dela eta, egunero 20.000 ikusle baino gehiago sartzen dira Espainiaren esparrura; eguneko gehienera jota har dezakeen ikusle kopurua bezainbat ia (30.000).

Antzeko ikusle kopurua bildu ohi da Danimarkaren pabiloian ere; tanto bat egin du hark bere alde, Kopenhageko Sirenatxoa ekarrita. Eskulturaren estreinako bidaia da. Keinu horrek argi erakusten du zenbaterainokoa den Txinak munduko gainerako herrialdeetan duen garrantzia.

Alde ilunean, berriz, kalea dago; Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek gaizkiaren ardatza esaten diote. Kalean daude Ipar Korearen, Iranen eta Libanoren erakuskariak. Halabehar hutsez ala asmo txarrez?

Munduko hiririk onenak
Historian lehenbiziko aldiz, banaka parte hartzeko aukera eman die Expoak hiriei. Mundu osoko 49 hirigunek, bada, hirigintza alorreko alderdirik onenak jarri dituzte ikusgai UBPA Hiri Jarduera Onenen Gunea izenekoan; Bilbo da gune horretako hiririk nabarmenena, huraxe baita nazioarteko lehiaren galbahea igaro dutenetan biztanle kopururik txikiena duena.

Parisen eta Osakaren erakusmahaiekin alboz albo dago Bizkaiko hiriburukoarena, eta haietakoa bezain duina da. Hain zuzen ere, albokoek baino ikusle gehiago biltzen ditu. Hein handi batean, Bilboko kongresu laguntzaileen ahaleginari zor zaio hori, nahiz eta donostiarrik ere baden haien artean isil-gordean. Estibalitz Getek, esaterako, inguruko txinatar guztiak sarrarazten ditu Euskal Hiria izeneko kutxa beltzera. Eta ez dira zapuztuta ateratzen handik. Gehientsuenek ikusten dute han ikusgai dagoen bideo bat, zeinak sei minutu irauten baitu, eta Bilboko hiru iraultza jorratzen: industria iraultza, hirigintza iraultza eta jakintza iraultza.

Dena ezin izan hirigintzako irakaspen, ordea. Euskal ekonomiaren hiriburuak, Shanghaik dituen osagai batzuk ere baditu, kulturaren bidez ere liluratu nahi ditu ikusleak. Iraganeko zein etorkizuneko kulturaz. Horretarako, euskal dantzak eramango dituzte Txinaraino, eta Fito izango dute osagai nagusi, UBPAko plazan kontzertua emango baitu Bilboko Aste Nagusiko lehen igandean. Ikuskizunaz gozatzeko, berriz, ez dago zertan metropoli biak banatzen dituen 10.000 kilometroak eginik, euskal musikariaren akordeak bertatik bertara entzun ahal izango baitira Bilbon, jaietako toki estrategikoetan jarriko dituzten pantaila erraldoi batzuen bidez.

Munduko desberdintasunen ispilu
Negargarria da Afrikaren pabiloia. Ezer ematekotan, hondartzako azoka txiki bat ematen du. Herrialde bakoitzak badu bere txosna, eta batzuekin eta besteekin tratua egin nahian dabiltza, erakusgarri ekarri dituzten eskulangintzako objektuak saldu nahian. Herrialdeko eraikinik ohikoenen erreplikak dituzte erakusmahai txiki batzuetan, eta jirafak eta gorilak eta guzti. Zigiluak darabiltzate amu nagusi; hartara, ikusleek Expoko beren pasaportean itsatsi ahal izango dituzte gero. Ikuslerik gehienek bizpahiru minutu besterik ez dute ematen toki bakoitzean. «Harrituta nago kontinentearen azpigarapena dela-eta», onartu du Wei Yuhuak, Anhui probintziako neska gazteak; izan ere, kontinente beltzaren pabiloi arrunta eta Txinako probintzienak alderatu ditu -Txinaren eraikineko behe solairuan daude-. «Gure probintziarik pobreenek ere, Guangxik eta Shaanxik, askoz erakusketa jakingarriagoak eta ikusgarriagoak dituzte».

Erakusketa Unibertsala, jakina, munduko desberdintasunen ispilu da. Eta hori ez da kuboan bakarrik ispilatzen, hantxe bilduta baitaude Afrikako 42 nazio; Pazifikoaren Pabiloian ere ageri da, baita Amerikarenean ere. Esparru horietan, Txinako antolatzaileen esku egonagatik, berdin dio Expoaren goiburuak. Bat eta bera da beti haietan ageri duten edukia: bideo pare bat, herrialdeko dantza tradizionalak eta ohiturak jasotzen dituena; harri-kartoizko aborijen pare bat, sarreran, ikusleek haiekin argazkiak atera ditzaten; eta oroigarrien denda, bolizko gauzak ere salgai dituena, nahiz eta hori Expoak naturaren inguruan agertu nahi izan duen begirunearen kontra egon.

«Afrikako deskolonizatzea gertatuz gero, gure helburu nagusietako bat izan da kontinentea behar bezala ordezkatuta egotea Expoan», hala aitortu du Vicente Gonzalez Loscertalesek, Nazioarteko Erakusketen Bulegoko idazkari nagusiak, horixe baita Expoko erakunde zuzendaria. «Horregatik, antolatzaileak behartuta daude oraindik garatzen ari diren herrialdeei laguntzera. Egia da, ordea, oso urrun gaudela oraindik berdintasun handiago bat izatetik. Batzuetan aurrerantz egiten dugu, eta beste batzuetan ,atzerantz», gehitu du.

Zerbaitegatik deitzen diote Expoari Ekonomiaren Olinpiar Jokoa. Alde bakarra dago: hemen, herrialde azpigaratuek ez dute inolako aukerarik domina bat berenganatzeko.

Iturria | Berria 

Estekak
Wegbune ofiziala | Expo 2010 Shangai China

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails