2010/05/16

UPV/EHU | Protesta eta ezagutza eskutik hartura, arkitektura eraikiz

Argazkia: Gara, 2010-05-16
Protesta eta ezagutza eskutik hartuta, arkitektura eraikiz
Karrera amaierako proiektua. Urteak liburu eta maketa artean eman osteko etorkizuneko arkitektoen azken erronka da. Titulua jasotzeko ezinbesteko baldintza eta hezkuntza prozesu osoan jasotako ezagutza praktikan jartzeko aukera paregabea. Azkenaldian, ordea, ikasleen nahigabe eta protesta iturri ere bada.
Oihana Llorente | Gara, 2010-05-16
Mimoz eta ilusioz egin beharreko egitasmo hau amesgaizto bihurtu da azken hilotan Donostiako Arkitektura Goi Eskolako ikasleentzat, karrera amaierako proiektuaren inguruko funtzionamendua dela-eta.

Hiru urte atzera eginda, ikasleek 6 epaimahai eta 24 irakasle zituzten euren proiektuen jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Fakultateko zuzendaritza taldeak, ostera, kalifikatzeko irizpideak bateratzea eta proiektuen jarraipen espezializatuagoa egitea aitzakia jarrita, epaimahai bakarraren alde egin du araudi aldaketan.

Ebaluazio lanetan soilik zazpi irakasle egoteak arazo larriak eta haserrea eragin ditu ikasleen artean, eta bidegabekeria horiei aurre egiteko antolatzeari eta alternatibak proposatzeari ekin diote.

Azken epean entregatutako proiektu baten funtsa Pernando Amezketarraren irudia eta izana gaurkotu nahi dituen bertso museo edo barnetegia izan da. Euskal kulturaren sustapenerako interesgarri izan litekeen proiektu hau, bere edukia ulertu ez duten hainbat epailek kalifikatu dute. Izan ere, epaimahaikideen artean erdiak ez daki euskaraz, zuzentzen dituzten proiektuen erdia euskarazkoak izanik.

Batez beste urte eta erdi ematen dute Donostiako Arkitektura Goi Eskolako ikasleek karrera amaierako proiektua egiten eta ehunka orrialdez osatutako proiektua izan ohi da. Proiektuak aurkeztu, -azken aukeran 70 izan ziren entregatutakoak-, eta hamabost eguneko epean kalifikazioak jarriak egon behar dute. Horren tarte laburrean, egindako lana ondo baloratzea ezinezko deritzote ikasle asanbladako kideek. Kalifikazioa sei epaimahaik ematen zutenean ere ikasleen lana egoki baloratzen ez zela gogorarazi dute; utzikeria handia zegoen, aurkezpenetara agertzen ez ziren epaileak asko ziren-eta.

Aldaketak ekarritako beste traba bat, proiektuen jarraipena da. Lehen epaimahaiak egiten zuena orain proiektuen zuzendariek egin behar dute, baina ikasleak ate-joka ibili beharra dute zuzendari bila, eta horrek ikasleen arteko bereizketak sortzen ditu.

Ez dira gutxi ikasleek araudi berri honen kontra egoteko aurkitu dituzten argudioak, baina funtzionamendua okerragoa izan da Ibai Etxezarraga eta Garikoitz Bernaras ikasleen hitzetan. «Ez-gainditua» jasotzen duen proiektu kopuruak gora egiteaz gain, aurkezpen publikoak desagerrarazi dituzte.

Bernarasek gogoan ditu bere aurrekoen proiektuen aurkezpen irekiak: «Gustura bertaratzen nintzen proiektuak ezagutu, nola egiten diren ikasi eta ideiak hartzera». Epaimahai berriak baina, aurkeztutakoak didaktikoak ez direla argudiatuta, eskubide hori kendu die etorkizuneko arkitektoei.

Baina ostegunean eskola txikiak, fakultate handiak, kultur etxeak edota zaharren egoitzak nola eraikitzen diren ikusteko eta ikasteko beta izan zuten arkitekturako ikasleek. Protesta eta ezagutza eskutik hartuta joan daitezkeela frogatu zuten, ikasleek ikasleentzat egindako aurkezpen publikoekin.

Aldarrikapenez eta salaketaz haratago, alternatibak plazaratzen ari da ikasle asanblada. Araudi berri bat eratzeko batzordea osatu dute kezkaturik dauden hainbat irakaslerekin batera, eta bi proposamen jarri dituzte mahai gainean. Orain, EHUko errektoretza eta eskolako zuzendaritzaren «teilatu gainean dago pilota».

Haatik, ikasle asanbladak ez du besoak gurutzatuta gelditzeko inolako asmorik eta aurrerantzean irakasleriaren utzikeriarik ez duela onartuko nabarmendu ostean, argi utzi nahi izan du irakasleriaren inguruko jarraipena egingo duela.


Iturria | Gara

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails