2010/06/02

hemeroteka | Iñaki Uriarte: "Aldundiak ere ez du Bastidaren eraikinean egin nahi Guggenheim"

Irudia: Plataforma Arquitectura 
Guggenheim Guadalajara, Mexiko | Proiektu irabazlea | TEN Arquitectos
Iñaki Uriarte | Arkitektoa: «Aldundiak ere ez du Bastidaren eraikinean egin nahi Guggenheim»
Sukarrietako eraikin multzoa bere hartan mantentzeko ez ezik, 80ko hamarkadatik izan duen hezkuntzari loturiko erabilera bermatzeko ere eskatuko dio Uriartek Jaurlaritzari. Ez du baztertzen Bizkaiko Aldundiaren kontra egitea hark arkitektura lehiaketara deitzen badu.
Irune Berro | Berria, 2010-06-02

Ricardo Bastidak 1925ean Sukarrietan altxaturiko eraikin multzoa ondare historiko izendatzeko azken urtean Eusko Jaurlaritzak jasotako hiru eskaeretako bat Iñaki Uriartek (Bartzelona, 1946) bideratu zuen. Beste biak Abiñako auzo elkarteak eta PPk egin zituzten. Jaurlaritzak aintzat hartu ditu, eta BBKren udalekuetako eremua Euskal Kulturaren Ondarearen Zerrendan sartzeko prozedura abiarazi du. Horrenbestez, Bizkaiko Foru Aldundiak ezingo du Guggenheim museoa Sukarrietako eremu horretan eraiki.

Uriartek astelehenean erantzun zien galderei, Bilboko Guggenheimen ondoko pasealekuan. Espainiako printzea museoan zen, eta segurtasun indarrek guztiz hartua zeukaten eremu osoa: frankotiratzaileak zeuden Guggenheimeko teilatuan, helikopteroak zeruan eta Guardia Zibilaren patruila bat itsasadarrean. «Urdaibain ezin da halako militarizaziorik gertatu, arren».

Zer iruditzen zaizu Bastidaren eraikina ondare historiko izendatzeko Jaurlaritzak hartutako erabakia? Jokaldi politiko bati erantzuten dio edo Jaurlaritza benetan jabetu da Bastidaren eraikina legez babesteak duen garrantziaz?
 Intentzio politiko bat dago erabaki horren atzean. PSE-EEk zuzentzen du Jaurlaritza, eta EAJk Bizkaiko Aldundia. Jaurlaritzaren erabakiak ez gaitu ustekabean harrapatu, Bastidaren eraikina ondare historiko izendatzea aldundiaren Urdaibaiko Guggenheimen egitasmoa geldiarazteko modurik dotoreena baita Jaurlaritzarentzat. Jarrera inteligentea da, museoaren aurka egin barik ingurumenaren eta haur udalekuen alde egitea baita. Baina zintzoa ere bada Jaurlaritza, nire ustez. Artearen munduko eragile gehienek ez dute ikusten beste Guggenheim bat egitea, alde egon zitezkeenen artean ere badira aurka daudenak. Jaurlaritzak badaki.

Hogei eguneko epea ezarri du Jaurlaritzak, aldeek alegazioak aurkeztu nahi badituzte. Noiz jakingo da behin betiko erabakia?
Ez dago zehazki jakiterik, baina abuztua baino lehen izango da, ziurrenik. Dena dela, guk ere aurkeztuko ditugu alegazioak. Eremua bere hartan mantentzeaz gain, 1982az geroztik izan duen erabilera ere mantentzeko eskatuko dugu. Hau da, ingurumen balio jakin batzuei loturiko haurren hezkuntzarako azpiegitura izaten jarrai dezala eskatuko dugu. Europako hainbat erakundek gisa horretako hezkuntza sustatzea aholkatzen dute. Euskal Herrian ez dago halako beste zentrorik; estatuan ere ez ziurrenik; eta Europan, bakar batzuk baino ez daude.

Nolanahi ere, Bizkaiko Kultura diputatu Josune Ariztondok esan du ondare historiko izendatzeak ez duela eragozten museoa han egitea. Alegia, Bastidaren eraikinean egin dezaketela Guggenheim.
Zinikoa izan behar da gero halakorik esateko! Hasieratik eduki du eraikina eraisteko asmoa; bestela, zertarako eskatu du eraikina gutxiesteko txosten bat? 12.000 euro ordaindu dizkio Josep Maria Montaner arkitektoari, Bastidaren eraikinaren aurkako txosten arkitektonikoa osatzeko. Duintasun pixka bat izango balu, dimisioa emango luke. Kultur ondasun baten aurkako jarrera izan du, nork eta Kultura diputatuak. Eraikin horretan nahita ere ezin daiteke Guggenheim bat egin; egiturak, antolaketak eta banaketak ez du horretarako aukerarik ematen. Oso bestelako jarduera garatzeko diseinaturiko eraikina da. Gainera, haiek ere ez dute nahi han egin museoa.

Urdaibaiko beste toki batean egin dezakete, baina.
Muruetako ontziola begiratu dute. Industria gune handia da, eta ontzi bat itsasoratzen duten bakoitzean, zalaparta handia sortzen da eskualdean, itsasadarraren hondoan kalte handiak eragiten baititu. Nik Urdaibaiko jendearekin berba egin ondoren gauza bat ikusi dut: lasaitasuna eskatzen dute eskualdearentzat, biosfera erreserba delako. Guggenheimek urtero 148.000 bisitari erakarriko lituzkeela dio aldundiak, baina Gernikako Azken Astelehenean 100.000 izaten dira. Beraz, eskualdekoek diote 148.000 bisitarirengatik ez duela merezi ezer eraiki eta dirutza xahutzea.

Ariztondok urtarrilean esan zuen ekainean aurkeztuko dutela arkitektura lehiaketaren inguruko proposamen zehatza eta, Guggenheimeko patronatuak onartuz gero, berehala deituko dutela.
Azkarregi pentsatu zuen lur sail horretan nahi zuena egiteko aukera izango zuela, eta azkarregi hitz egin ere. Enpresaburua edo merkataria izango balitz ulergarriagoa izango litzateke haren jarrera, baina kulturaren ikuspegitik horrela jardutea astakeria da. Dena dela, museo bat egin nahi badute hobe lukete proiektu museografiko bat osatzea eta, lehiaketarik egitekotan, arlo horretan egitea. Arkitektura lehiaketara deitzen badute eta atzerriko arkitektoengana jotzen, Arkitektoen Nazioarteko Batasunera joko dut.

Zein asmorekin?

Idazkaria ezagutzen dut, Jordi Farrando, eta haren bitartez zabalduko dut Urdaibaiko Guggenheimen egitasmoarekiko abstentzioa. Proiekturik ez aurkezteko deia egingo diet arkitektoei, Unescok hala izendatuta biosfera erreserba delako Urdaibai, Bizkaiko Aldundiarentzat hori garrantzizkoa ez izan arren, eta gutxi batzuen negozioa lehenetsiz Urdaibairen kolonizazio urbanistikoaren sustatzaile nagusia izan arren. Hotel kate batzuk ere hasi dira Urdaibai aztertzen. Iturri baten bitartez, informazio pribilegiatua izan dute nonbait.

Montanerrek aldundiaren eskariz onduriko txostenean azaldu du Bastidaren Sukarrietako obrak «garrantzi berezirik ez» duela, eta arkitekto horren «lan txikietako bat» dela.
Miserablea da erakutsi duen jarrera. Mertzenario baten pare jokatu du, 12.000 eurorengatik txostenaren eskatzaileak nahi zuena esanez. Sekulako astakeriak esaten ditu, txostena osorik irakurri dutenek badakitenez. Hegoaldera begira eraikia dagoela dio, eta hori desegokia dela. Baina ez al du ikusi atzealdean iparreko haizeaz babesten duen basarte bat duela? Kritikatzen du eraikitzean mojek emandako hezkuntzarako erabili zela. Eta non ikasi dugu gure belaunaldiko guztiek mojekin edo apaizekin ez bada? Euskal neoklasikoko eraikin garrantzitsuenetako bat da Bastidarena, eta biosferan, paradigma da. Ez da aditua izan behar horretaz jabetzeko, bizkaitar guztiek dakite. Nola esan daiteke balio berezirik ez duela?

Iturria | Berria

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails