2010/03/19

hedabideak | Urduñakoa, haur eskola eredugarria

Haur eskola eredugarria
Urduñako haur eskolaren diseinua goraipatu dute arkitekturan espezializatua den 'Vía Construcción' aldizkarian. Inguru naturalarekiko duen egokitasuna eredugarritzat jo du.
Maite Berriozabal | Bilbo, 2010-03-19

Urduñako haur eskolari (Bizkaia) aipamen berezia egin diote arkitekturari buruzko Espainiako Vía Construcción aldizkarian. 2008ko irailean martxan jarri zen haur eskolari kritika ona egin diote martxoko alean. Aldizkariak haur eskolaren eraikinaren diseinua goraipatzen du. Artikuluak aipatzen ditu, besteak beste, argitasun naturala nola aprobetxatzen duen eta eraikinaren diseinua inguru naturalean nola egokitzen den. Eraikinak kanpotik duen kolore ilunari ere egiten dio erreferentzia aldizkariak, kanpo aldetik hormak polimerozko hormigoi xaflez estalita baitaude, eta, hori dela eta, inguratzen duten zuhaitzen artean desagertu egiten dela ematen duela aipatzen da artikuluan.

Haur eskolaren eraikina Urduñako Udaleko arkitektoak diseinatu zuen, Francisco Javier Egiluzek. Udalak eskatutako proiektua diseinatzerako orduan, Egiluzek bere estiloarekin bat datorren proiektua diseinatu duela dio udaleko arkitekto teknikari Zuriñe Larreinak. Udaleko arkitektoak diseinatzeko duen joeraren adibidea dela azaldu du, «marra zuzenak erabiliz eta estetika minimalistari jarraituz». Horrez gain, eraikinaren diseinua egiterako unean, barrurako zein kanporako, sinpletasunaz baliatu dela gaineratu du.

Larreinak azaldu bezala, haur eskolaren eraikinaren diseinurako ideia, zuzendaritza eta garapena Egiluzerenak izan dira. Larreina bera, udaleko arkitektoaren laguntzaile legez aritu da obra horretan, batez ere obra amaitu ondorengo kontuetan laguntze aldera.

Haren hitzetan, Vía Construcción aldizkariko artikuluan haur eskolaren diseinua goraipatu izana, «oso pozgarria da, gainera, herriarentzat errekonozimendu bat da». Aipamen horrekin herrian altxatu den eraikin berri bat goraipatu dela dio Larreinak, eta horrek, neurri batean, «pertsonen errekonozimendua» ere badakarrela. Haur eskolak zazpi ume inguru baditu ere, hogei haurrentzako tokia du. Eraikinaren sinpletasuna formetan oinarritzen dela dio.

Atzeko aldean duen korridoreak argi naturala aprobetxatzeko beirate handiak ditu; horrez gain, haur eskolak bulegoa, psikomotrizitate gela, lo egiteko gela eta jantokia ere baditu, besteren artean. Eraikineko hainbat gela elkarrekin modu argian komunikatuta daude, helburua praktikotasuna eta lana erraztea delako.

Diseinua modu horretan eginda egoteaz gain, irakasleak haurrak une oro begiztatuta izatea errazten du, Larreinaren arabera. Azken batean, diseinua beharrizanetara egokitzea garrantzitsua delako. Espazioa banatzerako orduan hori ere kontuan izan zutela adierazi du.

Eraikineko gelek ere, korridorearen antzera, leiho handiak dituzte. Arkitektura eta eraikuntzetan berezitua den aldizkariak argi naturalaren bidezko argiztapena eta gela haizeztatzeko erraztasunak nabarmentzen ditu. Azken aipamen hori, haizea sartzeko duen zulo baten harira aipatzen du.

Aldizkariak haur eskolaren eraikina eredutzat jotzen du, kanpotik zein barrutik duen diseinua kontuan hartuta. Horren inguruan udaleko arkitekto teknikariak poza agertu du, eta haren esanetan, «eraikin honek izan duen aipamen ona onerako izango da etorkizuneko proiektuei aurre egiteko unean».

Iturria | Berria

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails