Arkitektura eta euskara (gauzen egoera laburra)
Unai Fernandez de Betoño | Arkitektoa, EHUko irakaslea eta 'Aldiri' aldizkariaren zuzendaritzako kidea | Berria, 2009-10-29
Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoan (DAGET) soilik ematen dira arkitekturako ikasketak euskaraz. 1982tik jada Euskal Herriko Unibertsitatearen egituran egonda ere, 1995-96ko ikasturtera arte ez zen euskarazko adarra mailaz maila ezartzen hasi. Gaur egun, Arkitekturako ikasketak euskaraz izaten dira, hautazko irakasgaiak alde batera utzita. Dagoeneko euskaraz hezitako lehen bospasei arkitekto-belaunaldiak ari dira, hortaz, jan eta lan.
Lanbidean aldizkako presentzia du gure hizkuntzak. Alde batetik, Euskal Herriko baserrien itzal luzeari esker, euskarazko terminologia aberatsa da oso, zurgintzan eta hargintzan batez ere. Bestetik, eraikuntza gure artean dezente errotutako ogibidea izaki, ohikoa da eraikitzaile euskaldunekin lan egitea.
Hala ere, arkitektura-proiektuetan betebeharreko legeria -Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko tokiko arauak izan ezik- ez dagoenez euskaratua, gabezia nabarmena daukagu hizkuntza teknikoari dagokionez.
UZEIren 1990eko Eraikuntza Hiztegia bide-erakusle izan bazen ere, gaurko profesionalontzat ez da nahikoa, eta haren argitalpena agortua dago gainera. Egoerak bultzatuta, Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko irakasle euskaldun batzuon artean mintegi bat garatu genuen 2006-2008 urte bitartean, Juan Garzia Garmendia eta Juan Kruz Igerabideren laguntzaz, arkitekturako hiztegi gaurkotu bat osatzeko helburuarekin. Behin-behineko emaitza Interneteko www.ehu.es/arkitekturahiztegia helbidean dago ikusgai.
Haatik, legeen euskaratze eta hiztegien sorrerarekin batera, argitalpengintza landu beharko dugu arkitekturako euskarazko terminologia hobetu eta normalduko badugu. Arkitekturaren zabalkundeak garai oparoa bizi du oro har, baina oparotasun hori ez da euskarazko argitalpenetan nabari. Egia da azken bizpahiru urteotan arkitektura eta hirigintzaren alorreko hainbat klasikoren itzulpena sustatzen hasi dela EHUren Euskarazko Zerbitzua. Horren lekuko dira Arkitektura Atlasa (W. Muller eta G. Vogel), Arkitekturaren eraikuntza (I. Paricio) eta Hiri-hazkunde motak (M. Sola-Morales).
Non da euskarazko berezko sorkuntza, baina?
Hutsune hori betetzen laguntzeko asmoz sortu dugu orain Aldiri. Arkitektura eta abar aldizkaria, arkitekturaz euskara hutsean egiten den lehena. Udako Euskal Unibertsitateak sustatua, helburu didaktiko zein kritikoa du hiruhilabetekari monografikoak, arreta berezia jarriko duena Euskal Herriko arkitekturan.
Lan taldea gehien bat arkitektook osatzen badugu ere, arkitekturarekiko jakingura duen orori zuzentzen zaio aldizkaria, bestelako gaiak ere ukituko dituela, hala nola hirigintza, soziologia, ekologia eta artea. Halaber, irakurleak iruzkinak egin ahal izango ditu gure blogean, www.unibertsitatea.net/blogak/aldiri, baita arkitekturarekin erlazionatutako bestelako berri eta artikuluak irakurri ere.
Arkitekturaren inguruko eztabaida suspertu nahiko genuke Aldiri aldizkariarekin, arkitekturaz euskaldunok ere zeresana daukagulakoan baikaude.
Arkitektura, jalgi hadi plazara!
Estekak
Iturria | Berria
Baliabideak | Arkitektura hiztegia
Baliabideak | Aldiri
No hay comentarios:
Publicar un comentario