Imagen: UPV/EHU |
Maialen Sagarna UPV/EHUko tesi-egileak XX. mende osoko eraikinak aztertu, eta une bakoitzean hormigoi armatua nola eta zergatik erabili zuten azaldu du
UPV/EHU, 2011-04-26
Hormigoi armatuz eraikitako elementuen ondare zabala dugu gaur egun, baina ale bakar bat ere ez zegoen duela mende pasatxo. "XX. mendeko material iraultzaileenak" Gipuzkoan izandako bilakaera eta garapena aztertu ditu Maialen Sagarna UPV/EHUko Arkitektura irakasleak. Horretarako, hamarkadaz hamarkada hormigoi armatuz egindako eraikinen ezaugarriei erreparatu die, eta une bakoitzean material hori nola eta zergatik erabili zuten azaldu du. "Gipuzkoako arkitekturaren eboluzioaren azterketa hormigoi armatuaren garapenari lotuta" izena du UPV/EHUn aurkeztu duen tesiak.
Ikerketan azpimarratu duenez, industrializazioari estu lotuta hedatu zen hormigoi armatua Gipuzkoan. XX. mendearen hasieran du abiapuntua hedapen horrek, Frantziatik eta Ingalaterratik material horren lehen patenteak iritsi, Espainian Portland zementua industrialki ekoizten hasi eta Gipuzkoan industrializazioaren ondorioz eraikin berriak egiteko beharra sortzearekin batera. Lurraldean izandako garapen oparoari dagokionez, faktore garrantzitsuak izan dira zementuaren eta altzairuaren industria aberatsa, Frantziatik gertu egotea, industrializazioak ekarritako garapen sozioekonomikoa eta material horren bilakaeran ezinbestekoak izan diren pertsonak agertu izana Gipuzkoan.
Hastapenak
Hormigoi armatuz egindako lehen eraikinak bi multzotan bereizi ditu Sagarnak. Batetik, eraikin erabat funtzionalak; hormigoi armatua agerian dute, ez baita hura estaltzeko beharrik ikusten. Horren adibide dira Tolosako Araxeseko paper-fabrikaren ubidea eta Boinas Elósegui enpresaren pabiloia eta Errenteriako Fanderiako zubia. Bestetik, hiriko azpiegitura nobleek osatzen dute bigarren multzoa; funtzionalak ez ezik ederrak ere izan behar zutenez, estali egin zuten hormigoi armatua. Donostiako María Cristina zubia, Banco Guipuzcoanoren egoitza eta San Martin kaleko Justizia Jauregia eta Tolosako Artxibo Probintziala dira horren erakusle. Eraikin historizistak edo eklektikoak direla azaldu du Sagarnak, adierazpide arkitektonikoaren ikuspegitik.
1910eko hamarkadatik aurrera, berriz, Donostiako Cortázar zabalguneko eraikinen begiratokiak konpontzeko baliatu zuten materiala, bai eta suteak jasan zituzten zinema-aretoak eta antzokiak berreraikitzeko ere, hormigoia ez baita erretzen.
Patenteetatik libre
Hormigoi armatua patenteetatik libre geratu zen gero. Hala, materiala eraldatzeko aukera zabaldu zen, bai eta arkitektura-forma berriak sortzeko ere. Tesian azaltzen denez, bertako arkitektura tradizionala hartu zuten eredu 1920ko hamarkadatik aurrerako Gipuzkoako eraikinetan. Hala, baserri eta jauregi tradizionalen itxurako eraikinak egin zituzten, hormigoi armatuzko egituraz; Foru Aldundiaren bidezainentzako etxebizitzak eta biltegiak eta Urolako tren-geltokia dira horren adibide.
Europan, bitartean, adierazpide arkitektoniko berriak sortu ziren hormigoi armatuaren ezaugarriak ezagutu ahala, eta arkitektura arrazionalista nagusitu zen. Tendentzia hori beranduago iritsi zen Gipuzkoara, eta fabriketan aplikatu zuten. Esaterako, Laborde anaien Andoaingo enpresaren eta Pasaiako portuko zenbait pabiloitan.
Sagarnak azaldu duenez, XX. mendearen erdialdetik aurrera ingeniariek muturreraino eraman zuten hormigoi armatua. Materialaren ezaugarriek baino gehiago hari emandako formek (tolesturak osatzen dituzten azal mehe eta jarraikorrak) lortu zuten eraikinek erresistentzia izatea. Añorgako frontoiaren estalki berria eta bolatokia ditugu horren erakusle. 1960tik aurrera, azken tendentzia hori garestia dela eta, atzera buelta egin zuten hormigoi armatuaren historian, eta haren garapenak etena izan zuen.
Egungo erronkak
Gaur egun ere arkitekturak eta ingeniaritzak ez dutela hormigoia baztertu ageri da tesian. Aplikazio berriak lortzeko nanoteknologiara jo dute, eta materialari garai batean egozten zitzaizkion propietateetatik urrun dauden barietateak ekoitzi dituzte: hormigoi zeharrargitsuak, arinduak, malguak… Sagarnak azpimarratu duenez, hormigoiaren ekoizpen jasangarria lortzea da gaur egungo erronka. Besteak beste, birziklatzea eta eraginkortasuna aipatu ditu neurri gisa. Horren harira, materialari eta ekoizpenari buruzko ikerketa-lerro berriak zabaldu behar direla azaldu du, eta horrek hormigoi armatuaren eraberritzea eta adierazpide arkitektoniko berrien sorrera ekar dezakeela.
Egileari buruz
Maialen Sagarna Aranburu (Usurbil, 1976) Arkitekturan lizentziatua da. Joseba Escribano Villan UPV/EHUko Donostiako Arkitektura Goi Eskolako Teknikoko Arkitektura Saileko irakaslearen zuzendaritzapean idatzi du tesia. Gaur egun, Sagarna irakaslea da Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko Arkitektura Sailean.
Iturria
Maialen Sagarna UPV/EHUko tesi-egileak XX. mende osoko eraikinak aztertu, eta une bakoitzean hormigoi armatua nola eta zergatik erabili zuten azaldu du.
UPV/EHU, 2011-04-26
Documentación
Tesis sobre el uso del hormigón armado en la Gipuzkoa del siglo XX
El Diario Vasco, 2011-04-27
Tesis sobre el uso del hormigón armado en la Gipuzkoa del siglo XX
El Diario Vasco, 2011-04-27
Maialen Sagarna estudia, en una tesis de la UPV/EHU, las construcciones del siglo XX, y explica cómo y por qué se utilizó hormigón armad
UPV/EHU, 2011-04-26
Gipuzkoako arkitekturaren eboluzioaren azterketa hormigoi armatuaren garapenari lotuta = Estudio de la evolución de la arquitectura de Guipúzcoa ligada al desarrollo del hormigón armado / autorea = autora, Maialen Sagarna Aranburu ; zuzendaria = director, Joseba Escribano Villán.
[S.l.] : [s.n.], 2010.220, 212 p. : il., planos + 2 h. pleg.
Tesis-Univ. País Vasco, ETS Arquitectura
Ejemplar con portada y paginación propias, texto contrapuesto en euskara y español, y resúmenes en euskara, español e inglés
Materias:
Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea - Tesis y disertaciones académicas.
Construcción - Materiales.
Hormigón armado.
Arquitectura - Siglo XX - Gipuzkoa.
Biblioteca | Tesis | T-AR SAGARNA
ARKITEKTURA.KAT | Gipuzkoako arkitekturaren eboluzioaren azterketa hormigoi armatuaren garapenari lotuta = Estudio de la evolución de la arquitectura de Guipúzcoa ligada al desarrollo del hormigón armado
No hay comentarios:
Publicar un comentario