2010/09/26

euskaraz | Foster: "Arrisku handiagoa dago hiri bat zabaleran hazteko, altueran baino"

Irudia: ABC
Foster: «Arrisku handiagoa dago hiri bat zabaleran hazteko, altueran baino»
'How Much Does Your Building Weigh, Mr. Foster ?' dokumentalak arktitektoaren obra erakutsi du Zabaltegin
EFE | Berria, 2010-09-26

Norman Foster arkitektoa Donostian izan da, bere obrari buruzko How Much Does Your Building Weigh, Mr. Foster? dokumentala aurkezteko. Norberto Lopez Amadok eta Carlos Carcasek zuzendu dute, eta Zabaltegi sailean eman dute.

Arkitekto ingelesak azaldu zuen zaila dela eraikin baten altuera ideala zein den esatea. Orobat, etxe orratzei altuera muga ezartzearen alde agertu zen, nahiz eta «arrisku gehiago dagoen hiri bat zabaleran hazteko, altueran baino». Dentsitateak, ordea, ez du altuerarekin zerikusirik, eta aipatu zuen New Yorkeko etxe orratzek ez dutela mugarik bete behar baina Singapurren eta Hong Kongenen espazio faltagatik ez dutela beste erremediorik.

Etorkizuneko hiriaz ere mintzatu zen Foster. Haren ustetan, inteligentzia handiagoko eraikinekin osatuta egongo da, eta garraio publikoa eraginkor bihurtzeko, satelite bidezko nabigazio sistemak erabiliko dituzte, hegazkinekin erabiltzen direnen antzekoak. Gainera, auto «garbiak eta isilak» asmatuko direlakoan dago, «oinezkoekin bateragarriak izango direnak».

Obra berri bat sortu behar duen bakoitzean ez du perfekzioa bilatzen Fosterrek. Amaitzean, bere buruari galdetzen dio ea eraikin perfektua atera zaion edo ez, nahiz eta hori arte kritikoen lana dela uste duen. «Niretzat, diseinu bakoitzaren esentzia, erronka, espazio hori erabiliko duenaren ikuspuntutik ahal dudan ongien egitea da».

Taldeko gizona
Dokumentala Elena Ochoak ekoitzi du, Fosterren emaztea denak, eta senarra «pixka bat gehiago» ezagutzeko balioko duela ziurtatu zuen. «Foster oso umore bereziko pertsona da, baina dokumentalean ez da hori ikusten: arkitektoa eta obra erakustera mugatzen da». Azpimarratu zuen «oso taldekoa» dela -1.400 pertsonako lan taldea du-, eta «lagun gutxi baina onak» dituela. Horrez gain, «oso eskuzabala» omen da, eta «haserretzen denean, benetan haserretzen dena».

Baldintza bat jarri zuen filma ekoizteko: Fosterren arkitektura «inoiz ez bezala» erakutsi zezatela, helikopteroetatik grabatutako «plano ikusgarriekin».

Iturria | Berria

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails