2010/12/03

UPV/EHU | Herrera berritzeko aurkeztutako sei proiektuen artean banatuko dute saria

Imagen: Noticias de Gipuzkoa
Herrera berritzeko aurkeztutako sei proiektuen artean banatuko dute saria
Arkitekto gazteei zuzendutako lehiaketa "jostaldia" proposamenak irabazi du. Lan guztietatik ideiak jaso eta Udalari aurkeztuko dizkio Herripe elkarteak Txingurrin eta Harrobitxulon gauzatzeko
Arantzazu Zabaleta | Noticias de Gipuzkoa, 2010-12-03

"Guztietan ikusi dugu esfortzua eta puntu positiboak". Isa Pac Herripe auzo elkarteko ordezkariak horrela azaldu zuen herreratarrek hartutako erabakia: auzoko bi gune berritzeko abian jarritako lehiaketara aurkeztutako sei partaideen artean banatuko dute aurreikusitako saria. Hala ere, lehiaketak izan du irabazlea: Jostaldia proiektua aukeratu dute epaimahaikideek, auzo barneko konexioak hobetzen dituelako, inguruaren ikuspegi global bat jasotzen duelako eta auzotarrei beraiei gehien gustatu zaiena izan delako.

Uda baino lehen abiatu zuten Herripe elkarteak, Hiria kolektiboak eta EHUko Arkitektura eskolako Caviar ikerketa taldeak lehiaketa. Alde batetik, hirigintza parte-hartzailea bultzatu nahi zuten irakasle eta ikertzaileek ikasle eta lizentziatu berrien artean, "herritarrak haien inguruko planeamenduaren eragile" izan zitezen, Claudia Pennese Caviar taldeko irakaslearen arabera. Bestetik, herreratarrek haien iritziak eta beharrak kontuan izango zituen proposamen bat nahi zuten auzoa hobetzeko, orain arte haien ahotsa ez dela kontuan hartu uste baitute.

Horretarako, Txingurriko industria gunea eta Harrobitxuloko ingurua aukeratu zituzten, haientzat momentuz proiekturik ez baita aurreikusi. Hala, bi puntu horietarako arkitekto gazteek lehiaketara aurkeztutako ideiak jasoko dituzte eta Udalari aurkeztu, kontuan har ditzan eta, posible bada, gauzatu daitezen. "Hari honetatik tira egingo dugu zuen ideiak paperean gera ez daitezen", gaineratu zuen Pacek atzoko sari banaketan.

Lehiaketara sei taldek aurkeztu zuten haien lana, auzotarrekin bildu eta haien ekarpenak jasota. Epaimahaiko kide izan diren Arkitektura eskolako irakasleek xehetasunak ere eman zizkieten atzo lehiakideei lanen inguruan.

Verdeterapia proposamenean, esaterako, auzoan berdea berreskuratzeko planteamendua bereziki gustatu zitzaien bizilagunei, eta haiekin osatutako bideo bat ere egin dutela arkitekto gazteek nabarmendu zuten, haien esfortzuaren isla. Hirugarren geratu ziren eta, agian, proposamenaren ingenuidadea nabarmendu zuen epaimahaiak, gauzatzeko zailak izango ziren ideia batzuk jasotzen baizituen.

Bigarren Herreparatu proiektuak egin zuen. "Oso erantzun arkitektonikoa" eman dutela gazteek azpimarratu zuten mahaikideek eta, bereziki, egun erabili gabe dauden industria eraikinetarako egiten duten proposamena ere bai. Gune zehatzetan erantzun ona baina, agian, ikuspuntu globaletik eskasagoa zela argudiatu zuten irakasleek.

Irabazlea

Hain zuzen, ikuspuntu orokor hori izan zen Jostaldia proiektuan gehien gustatu zitzaiena epaimahaikoei. Herrera Harrobitxulorekin eta Larratxorekin lo-tzen dutela eta, adibidez, Txingurri inguruan proposatzen duten errotondarekin trafikoa mantsotzen dutela azpimarratu zuten, ingurua hiritarrago bihurtuz: "Gauzak kendu dituzte jarri baino".

Lehiaketa amaituta, orain Herripekoei dagokie duten materiala aprobetxatu eta gauzatzen saiatzea. "Herrera berriz bizileku bihur dadin nahi dugu, bizitza izan dezala -azaldu zuen José Ángel Apaolaza elkarteko kideak-. Oso ilusionatuta gaude".

Iturria
Herrera berritzeko aurkeztutako sei proiektuen artean banatuko dute saria
Arkitekto gazteei zuzendutako lehiaketa "jostaldia" proposamenak irabazi du. Lan guztietatik ideiak jaso eta Udalari aurkeztuko dizkio Herripe elkarteak Txingurrin eta Harrobitxulon gauzatzeko
Arantzazu Zabaleta | Noticias de Gipuzkoa, 2010-12-03

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails