2010/12/16

agenda | ETXEGORRI JARDUNALDIAK


GENEROA ETA PARTE HARTZEA HIRIGINTZAN
Abenduak 15, 16 – Donostiako Arkitekturako Eskolan
Antolatzailea: Etxegorri
Laguntzaileak: Hiria Kolektiboa, Antxeta Irratia

Lehenik eta behin, jardunaldiez hitz egiten hasi baino lehen ezinbestekoa zaigu Etxegorri zer den azaltzea. Arkitektura eskolatik sortutako taldea da hauxe, 2003/2004 ikasturtean eskolako ikasle batzuen kezkei erantzuteko asmoarekin. Urtez urte belaunaldi ezberdinetako ikasleok gai ezberdinak jorratzen joan gara, besteak beste arkitektura egungo jendarte ereduan nola eta zertarako erabiltzen den sakontzen. Laburbilduz, hauek dira Etxegorrik garatu dituen hiru oinarri edo helburu nagusiak:

· Arkitektura eraldaketa sozialerako tresna gisa ulertzen dugu.

· Tresna gisa ulertzen dugun heinean, daukagun ahalmena herritarron esku jartzearen bila gabiltza.

· Aldaketa hau emateko bidean eta ikuspuntu kritiko batetik abiatuta, pertsonen formakuntzarako motorra izan nahi du etxegorrik. Horretarako, taldean barneratutako formakuntza eta Etxegorriren printzipioak, bizitza unibertsitarioan zein etorkizuneko lanbidean aktiboki erabiltzea da gure helburua.


Egunerokotasunean alor ugaritan eragiten dugu. Gure lan ildo nagusiak arkitektura eskola, herri mugimendua eta auto-formakuntza direlarik.

Oraingoan, generoaren gaia dakargu mahai gainera. Generoa eta parte hartzea hirigintza planetan geroz eta gehiago entzuten ditugun hitzak dira. Eragile feministek urteak daramatzate hirigintza egiteko modu konbentzionalak zalantzan jartzen eta bide alternatiboak irekitzen.

Azken hamarkadetako hirigintza planak sujeto definitua izan dute: gizona, 25-40 urte tartekoa eta kotxeduna; honela, gizartearen gehiengoa hirigintza planetatik eta beraz, hiritik kanpo gelditu da.

Azken urteetan asko dira honen aurka altxatu diren ahotsak, batez ere emakumeenak, parte hartzeaz eta genero ikuspegia kontuan hartuaz, hiri eredu desberdina aldarrikatzen dutenak.

Etxegorriren helburua jardunaldi hauekin, emakume hauen ahotsak eta esperientziak, arkitekturako eskolara ekartzea da. Gu ere, biharko arkitekto eta hirgileak izango garelako eta denontzako hiria izango dena egin nahi dugulako.

Estekak
Erakundea | Etxegorri
Baliabidea | Plazandreok | Donostia Ciudad Prohibida

DOSIERRA
ARKI+TEKA | La Ciudad Prohibida

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails