2010/12/13

hemeroteka | Hamaika argudio Sukarrietako umeen «paradisua» ez galtzeko

Irudia: Deia
Iñaki Uriarteren hitzaldia | Hamaika argudio Sukarrietako umeen «paradisua» ez galtzeko Beti pentsatu izan dut kapitalismoak arrakala bat duela Sukarrietan. Bertan, umeek paradisua ezagutzen dute eta hazi bat bezala gelditzen da gero hori beren barrenean». Ikasleak Urdaibaiko paraje ederrera eramaten dituen irakasle baten adierazpenak dira. Garak antolatutako hitzaldian, paradisu horren baloreak mahai gainean jarri zituen Iñaki Uriarte arkitektoak.
Maider Iantzi | Gara, 2010-12-13

Guggenheimeko entzungela herritarrez betetzen joan zen pixkanaka-pixkanaka. Bitxia zen “Arkitektura neoeuskaldunaren paradigma. Sukarrietako haurren kolonia” izenburuko mintzaldirako gonbidapena: 12. hilabetean, 12. egunean, 12ak eta 12an. Mikel Arizaletak Mikel Laboa oroitaraziz hasi zuen aurkezpena, espekulazioa salatuz jarraitu eta protagonistaren, Iñaki Uriarteren, esaldi bat aldarrikatuz bukatu: «Ez gaitezen gure aiton-amonen eta gurasoen munduan biloba arrotzak izan».
Hitza hartu zuenean, Uriartek kolonia Ricardo de Bastidaren lana dela ekarri zuen gogora, bertzeak bertze Bilboko Alondegia egin zuen arkitektoaren sorkuntza. Duela 85 urte inauguratu zuten eraikina eta ondorengo urteetan zabaltzen joan ziren. Iñakik behin eta berriro nabarmendu zuenez, nekazal giroan integratuta egon da hasieratik, batez ere haurrak bertako paisaiekin eta herrialdearekin berarekin identifikatzeko eta lurraldearekiko lotura sentitzeko.

Bi naturak, inguruarena eta koloniarena berarena (zuhaitzak, landutako lorategiak...) elkartzen direla gaineratu zuen. «Badirudi natura halako eraikin baten esperoan zegoela», agertu zuen. Ekintza garrantzitsuetako bat abeletxekoa izan dela gogorarazi zuen, bertan ikasten zituztelako neska-mutikoek animalien gaineko jakintza ugari.

Argazkiz argazki historian bidaiatu ondotik, gaur egunera ailegatu zen Uriarte. Han ikusi genuen irudietan lorategiz eta edertasunez gainezka dagoen kolonia bat, zuhaitzen babesean, bere dorrearekin, 38 metro neurtzen dituen eta ondasun garrantzitsu izendatuta dagoen zedroarekin, itsasadarretik hurbil umeek bertako bizitza ezagutzeko... «Zalantzarik egin gabe, eraikuntza berezi honekin, paisaiaren enkuadre honekin, kolonia Urdaibaiko erreserbaren metafora arkitektonikoa dela baiezta dezakegu».

Lehenbiziko alarma deiak 2008an Sukarrietako alkateak kolonia bota behar izatea «ez litzatekeela hondamendia izango» adierazi zuenean etorri ziren. Berehala erantzun zuen jendeak eta ondasun honen babesa eskatu zuen. Lakuako Gobernuak babes hori eman zuen eta ospatu egin zuten herritarrek urrats hori. «Txorien txioak eta umeen irriak entzuten jarraitu nahi dugu», aldarrikatzen zuten. Bizkaiko Aldundiak, ordea, helegitea jarri zuen. «Nola liteke instituzio publiko bati gune bat babestua izateak eragozpenak sortzea?», galdetu zuen arkitektoak, “Lurra zerutik ikusita” musika jarrita Sukarrietako koloniaren baloreak banan-banan aztertzeari ekin aitzinetik.

Lehen gaua etxetik kanpo

Balore historikoak, zientifikoak, sozialak, sentimentalak, arkitektonikoak, urbanistikoak eta paisaiari dagozkionak zerrendatu zituen. Adibidez, gizartearen alorrean, bere garrantzia eta erabilgarritasun kolektiboa azpimarratu zituen, baita bertan garatutako hezkuntza eredua zenbat goraipatu duten ere, munduko puntako esperientziekin parekatzeraino. «Txiki anitzek bertan eman dute beren lehenbiziko gaua etxetik kanpo eta bertako sentitu dira».

Arkitekturaren inguruan, obra ederra dela azaldu zuen, kalitate izugarrikoa eta ezin hobeki kontserbatua. Urbanistikoki, delikatua, ingurura egokitua, erabateko zuhurtziaz. Anitz dira baloreak nabarmendu dituztenak; hala egin zuten, errate baterako, 2000. urtean Europako Kontseiluak Florentzian hitzartutako Convenzione Europea del Paesaggio agirian.

«Gauzak ez dira leku batekoak bakarrik, lekua dira» erran zuen Martin Heideggerrek eta esaldi horrekin eman zien hitza Uriartek entzuleei, beren galderak eta ekarpenak egin zitzaten. Mikrofonoa hartu zuen lehen emakumeak «hunkituta» zegoela aitortu zuen. «Uste dut maila handiko ekitaldi poetiko-artistiko batez gozatzeko aukera izan dugula. Artista eta jakintsua zara eta historiara pasatuko zara», erran zion Iñakiri. Honek, txantxetan, gibeleko atetik aterako zela abisatu zuen.

Bertze lagun batek galdera zuzena luzatu zion: «Nola definituko zenuke instituzioen jarrera?». «Hori da, hori da», erraten zuten herritarrek besaulkietatik. Bi jarrera ezberdindu zituen: Lakuako Gobernuarena eta Bizkaiko instituzioena, biak aurrez aurre. Sukarrietako kolonia babesteko behin betiko adierazpena falta den arren, arkitektoa konbentzituta dago obra berezi baten aurrean gaudela. «Gure ondasuna da, eta eraikinak ez du desagertu behar, ezta funtzioak ere. Koloniarik ez zegoenean bazen erreserba, baina kolonia eraiki ez balitz, ezinbestekoa litzateke orain egitea».



Iturria
Iñaki Uriarteren hitzaldia | Hamaika argudio Sukarrietako umeen «paradisua» ez galtzeko
Beti pentsatu izan dut kapitalismoak arrakala bat duela Sukarrietan. Bertan, umeek paradisua ezagutzen dute eta hazi bat bezala gelditzen da gero hori beren barrenean». Ikasleak Urdaibaiko paraje ederrera eramaten dituen irakasle baten adierazpenak dira. Garak antolatutako hitzaldian, paradisu horren baloreak mahai gainean jarri zituen Iñaki Uriarte arkitektoak.
Maider Iantzi | Gara, 2010-12-13 


No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails