2011/06/15

pause | Gasteiz: kalea, kolorez jantzita

Irudia: Berria
Kalea, kolorez jantzita
Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kaleko balkoiak eta dendak lorez apainduta egongo dira uztail erdira arte, Mejora fundazioak eta ARICHek antolatutako lehiaketa bati esker.
Edurne Begiristain | Berria, 2011-06-15

Kolorez eta usainez apainduta dago Gasteizko Aiztogile kalea. Alde Zaharreko karrika ezaguneko dendak, tabernak eta balkoiak lorez jantzita daude. Izan ere, Mejora fundazioaren eta ARICH hiria errehabilitatzeko agentziaren ekimenez, kalea lorez apaintzeko lehiaketa bat antolatu dute, bigarren urtez jarraian. Iazko arrakasta ikusirik, muinoko bizilagunek berriro ere bete dituzte lorez Aiztogileko txokoak. Uztail erdira arte ikusgai izango dira loreak.

Alde Zaharretako kaleak estuak, ilunak eta hezeak izan ohi dira. Gasteizkoak ere ez dira salbuespena, eta horiei «itxura alaiagoa eta koloretsuagoa» emateko asmoz abiatu zuten iaz lehiaketa antolatzaileek, Mikel Perez Mejora fundazioko programa teknikariak azaldu duenez. «Hedegile eta Errementeri kaleekin alderatuta, Aiztogile kaleko etxeetako leihoetan eta balkoietan apenas ikusten den lorerik, eta horregatik bururatu zitzaigun lehiaketa abiatzea. Itxura hobea eman nahi diogu kaleari». Lortutako erantzunarekin pozarren daudela aitortu du, iaz izena eman zutenen halako bik eman dutelako aurten. Guztira 125 lagun ari dira parte hartzen: 94 bizilagun eta 39 dendari.

Sariak banatzeko orduan, irudimena, diseinua eta dekorazioa kontuan hartuko dituzte antolatzaileek. «Loreekin zerbait desberdina egin daitekeela ikusi nahi dugu», azaldu du Perezek. Sarietan, bi kategoria bereizi dituzte: etxeetako leihoak eta balkoiak apaintzen dituztenak, batetik, eta saltoki eta lokalak, bestetik. Kategoria bakoitzean hiruna sari emango dituzte: 300 euro irabazlearentzat, 200 bigarrenarentzat eta 150 hirugarrenarentzat. Epaimahaiak aukeratutakoei ez ezik, herritarrek gustukoena dutenari ere saria emango diote. Horretarako, loreekin egindako apaingarrien argazkiak Sokaren Etxean jarriko dituzte ikusgai, nahi duenak botoa eman dezan.

Alde Zaharreko kaleak egunotan hartu duen itxurarekin pozik daude dendari, tabernari eta auzokideak. Loreek bizitasuna ematen diete haien saltoki eta etxeei, eta horrek erakargarriagoa egiten du kalea. Amets Martinez de Hereditaren makillaje dendako atarian jende gehiago gelditzen da loreekin egindako apaingarria erakusleihoaren aurrean paratu duenetik. Silikonazko bi esku egin ditu, loreontzi baten euskarri gisa.

Horrela, kalea apaindu ez ezik, dendan egiten duen lana ezagutarazteko modua ere ematen ari zaio lehiaketa, Martinez de Hereditak azaldu duenez. «Ez dugu egiten saria irabazi nahi dugulako, ekimena polita iruditzen zaigulako baizik. Ongi pasatzen dugu, lehiaketak gure lanarekin uztartzeko modua ematen digulako».

Lorez apaindutako maniki bat jarri du Alberiks Delva belgikarrak bere arropa dendaren kanpoaldean. Lehiaketa izugarri gustatzen zaiola dio, batez ere Alde Zaharrak «askoz politagoa» ematen duelako. «Halako ekimen baten premia» zegoela dio. Haren ustez, Europako iparraldeko alde zaharretako «ereduari» jarraitu beharko lioke Arabako hiriburuak, eta «lore gehiago eta auto gutxiago» ikusi beharko lirateke karriketan.

Iturria
Kalea, kolorez jantzita
Gasteizko Alde Zaharreko Aiztogile kaleko balkoiak eta dendak lorez apainduta egongo dira uztail erdira arte, Mejora fundazioak eta ARICHek antolatutako lehiaketa bati esker.
Edurne Begiristain | Berria, 2011-06-15

No hay comentarios:

Related Posts with Thumbnails